Gazte migratzaile bat zabor kamioi batean hiltzeko zorian egon da
Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, Donostian kalean lo egiten ari zen gazte migratzaile bat zabor kamioi batean hiltzeko zorian egon da. Harrera Sarearen arabera, gazteak astearte gaua Irungo Gurutze Gorriaren egoitzan pasa zuen, eta EAEko CEAR batzordeko asilo programan sartzeko zain zegoen. Ez zuen gaua pasatzeko tokirik, eta Donostiako kaleetan zegoela, hotza eta euria zirela eta, babesa bilatu zuen zabor edukiontzi batean.
Goizeko ordu txikietan, ordea, zabor kamioia heldu zen eta edukiontzia kamioiaren barruara irauli zuen. Gaztea barruan zegoen, eta haren oihuak entzun zituen kamioiko langile batek; mekanismoa garaiz gelditu zuen, eta horri esker, gazteak bizia salbatu zuen, hanka trabatuta gelditu bazitzaion ere. Udaltzaingoaren eskuetan utzi zuten gaztea ondoren, eta ez dute jakinarazi zein egoeratan dagoen orain.
Irungo Harrera Sareak salatu du harrera politika “duintasun gabekoa” dela, eta nabarmendu du migratzaileentzako harrera, asiloa eta zaintza lana egiteko politikarik ez egoteak “haien biziak arriskuan” jartzen dituela.