Onkologikoa bizirik mantendu nahi dutela aldarrikatu dute ehunka lagunek Donostian
Donostiako Onkologikoko langile, paziente, euren senide eta, orokorrean herritar ugari kalera atera dira larunbat eguerdian Donostian, Onkologikoa bizirik nahi dutela aldarrikatzeko. Txaranga doinuen erritmora eta giro onean, ehunka lagun bildu dira Anoeta inguruan, eta Madril hiribidetik abiatu dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ordezkaritzara. Madril hiribideko Kutxan geldialdia egin dute, kanpoaldean pankarta batzuk jartzeko; izan ere, Kutxa da Onkologikoaren jabea oraindik. Han txalaparta jotzaile batzuk zituzten zain, eta irakurketa baten ondoren, bukatutzat eman dute mobilizazioa, “Onkologikoa bizirik” oihukatuz.
Langileek gogorarazi dute minbiziaren inguruko jarduera guztia bere gain hartzen zuela orain arte Onkologikoak, baina Osakidetzan integratzeko prozesua hasi zenetik, oraindik erdizka dagoenez, hori galtzen ari direla nabarmendu dute; “izaera monografiko” hori berreskuratu nahi dutela aldarrikatu dute. Era berean, zentroko hainbat jarduera –bular minbiziaren unitatearena, esaterako– bertan behera utzi dituztela salatu dute, eta Onkologikoa ez direla behar bezala erabiltzen ari. Horregatik, zentroa “bizirik” nahi dutela esan dute, eta nabarmendu dute hango 250 langileek etorkizun bat izatea. “Endoskopien bi gelak kendu zituzten, eta Bularreko unitatea desegin nahi dutela dirudi”, azaldu dute.
Onkologikoko enpresa batzordeak hainbat hilabete daramatza mobilizatzen, Osakidetzan integratzeko prozesua bukatu gabe dagoela eta zentroaren etorkizuna ezbaian dagoela salatzeko. Hedabide honek langileekin hitz egin zuen irailean, eta erreportaje mamitsua argitaratu zuen.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak manifestazioan egindako irudi bilduma: