'Oihua!' fantasiazko zinema sorkuntzaren bigarren deialdia aurkeztu dute

Zeruahautsizengaua 'Zerua hautsi zen gaua' filmak irabazi zuen 2019an.

2019an sortu zen Oihua! sorkuntza egitasmoa,  Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek bultzatutako ekimena. Azken urteotan, euskarazko zinemagintzak arrakasta handia lortu du eta fantasiaren generoak izan du horretan zerikusirik.

Lehenego deialdia, Maria Fontan zinemagile donostiarraren Zerua hautsi zen gaua film laburraren proiektuak irabazi zuen 2019an, eta Paul Urkijo zinemagilea izan zen mentorea. Aurten, ordea, Maider Oleaga zinemagilea izango da mentorea.

Deialdiaren asmoa, berriro ere, euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea da, eta horretarako ikus-entzunezkoaren arloko profesionalen zeharkako aholkularitza ezarri da hautatutako proiektuarentzat. Horren azken emaitza film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da, hori guztia Larrotxene Bideo-ren tutoretzapean. Film laburra 2022ko 33. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astean estreinatuko da.

Parte hartzeko baldintzen artean, euskaraz idatzitako gidoi orginal bat aurkeztea dago ez baita itzulpenik onartuko. Bestalde, deialdia 35 urtera arteko sortzaile berriei zuzendua da eta pertsona fisiko indibidualek soilik har dezakete parte, ez baitira kolektiboak onartuko. Izena emateko beharrezko dokumentazioa eta epeak Beldurrezko Zinemaren webgunean topatu daitezke.

 

HITZAkide HITZAkide