Aldakonea "berrantolatzeko" hitzarmena bertan behera utziko du udalak
Iazko abenduan, Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak hitzarmena sinatu zuten Egiako Aldakoneako hegaleko zenbait lurzoru eta Altzako Eraikuntza Institutua “berrantolatzeko”. Hitzarmen hori bertan behera utziko dute bihar Tokiko Gobernu Batzordean. Udaleko iturrien arabera, hitzarmenari aurkeztutako hainbat alegazio aztertu ondoren hartu dute erabakia. Dena dela, gaineratu dute hitzarmena bertan behera uzteak ez duela baldintzaten Aldakoneako hirigintza plana. “Udalak aldaketa hori sustatzen jarraituko du”, adierazi dute.
Hirigintza planari dagokionez, Mandasko dukearen pasealekuaren ekialdera jaisten den Aldakoneako hegaleko hainbat eraikin eraitsiko dituzte edo birmoldatuko dituzte, etxebizitza berriak eraikitzeko. Esaterako, Villa San Antonion, Osalan dagoen tokian, etxebizitzak egitea adostu zuten udalak eta Kutxak. Azkenik, ordea, ez dituzte egingo eta eraikina ekipamendurako erabiliko da Bestalde, Altzako Eraikuntzaren Institutuaren eremuan babes publikoko etxebizitzak eraikitzea adostu zuten. Eremu horretan dago Altzako gimnasio berria. Orain, ordea, gimnasioa mantendu arren, eraikin horretan eta beste bietan gazte zein adinekoentzako etxebizitzak eta ekipamenduak jarriko dituzte.
“Urrezko aukera”
EH Bilduk oharra plazaratu du Aldakoneako hitzarmena bertan behera geratuko dela jakitean. Udal taldearen ustez, “urrezko aukera” da egitasmoa “birformulatzeko” eta Egia eta Altzaren “benetako beharrei” erantzuteko. “Izan ere, orain artxibatuko den hitzarmenak gehiago erantzuten zien espekulazio interesei herritarren benetako beharrei baino”.