Artikutzako animaliek gaztainak gustuko dituzte
Udazkena iritsi da, eta horrekin batera, udazkeneko fruitu gozoenetako batzuk: gaztainak. Herritar asko hasi dira mendira gaztaina bila joaten, baina animaliek baino azkarrago ibili beharko dute, eurek ere gustuko baitituzte. Hain zuzen, Donostiako Udaleko Ingurumen sailak Artikutzako basoan dituen kamera finkoetako baten irudiak argitaratu ditu, eta, betiko legez, irudi ederrak utzi ditu: gaztainez beteriko eremu batean, orkatz bat eta basurde bat ageri dira gaztainak jaten. Jarraian ikusi dezakezue bideoa:
Gaztainak, basoko animalientzako elikagaiak.#Artikutza #udazkena@DonostiakoUdala pic.twitter.com/PyhMr0m7fQ
— DSS_ingurumena (@DSS_Ingurumena) October 4, 2021
Gogoratu beharra dago Artikutza animalia askoren bizitokia dela, eta hara joanez gero, ez direla animaliak molestatu behar, ezta eremuan zaborra utzi behar ere. Ez da Artikutzako animalien irudiak argitaratzen dituzten lehenengo aldia, maiatzean orkatzen eta basurdeen irudiak ere argitaratu baitzituzten. Horrez gain, urtarrilean, Artikutza erabat elurtuta zegoenean, beste animalia batzuen irudiak plazaratu zituzten: azeri bat, basurde batzuk, lepazuri bat eta katajineta bat.