Parte Zaharreko adin txikiko bat epaituko dute, abenduko istiluen harira

parte zaharra2 2020ko abendutik 2021eko urtarrilera, istilu ugari gertatu ziren Parte Zaharrean. Irudian, San Sebastian eguneko gertakarietan Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen unea. (Argazkia: Beñat Parra)Beñat Parra

Parte Zaharra Aske! plataformak jakinarazi duenez, Parte Zaharreko 16 urteko adin txikiko bat epaitu egingo dute gaur, hilaren 4an, eta hamasei hilabeteko zigorra eskatu du harentzat akusazioak. Desordena publikoak eragitea leporatzen diote, iazko abenduko gertakarien harira: “Abenduaren 14an Auzoak defendatu, errepresioari ez! lelopean 400 gazte inguru bildu zituen manifestazioa burutu genuen Donostiako Parte Zaharrean. Manifestazioaren amaieran, kalez jantzitako poliziek —identifikatu ez zirenak— gaur epaituko duten gaztea filmatu zuten. Handik egun gutxira, poliziak gazte berbera atxilotu zuen protokolo guztiak urratuz: ez zituzten bere gurasoak abixatu eta atxiloketak iraun zuen bitartean galderak eta mehatxuak egin zizkioten”, azaldu du plataformak. “Datozen egunetan egon daitezkeen deialdietara adi egoteko deia luzatu nahi dugu, elkartasuna antolatu eta errepresioari modu bateratuan erantzuteko beharra azpimarratzearekin batera”, gaineratu dute.

Denbora tarte hartan, istilu ugari gertatu ziren ertzainen eta gazteen artean Parte Zaharrean, eta gertakari bereziki larri batzuk ere izan ziren, Nahuel Gomez Rodriguez gazteari masail hezurra hautsi baitzioten pilotakada batez. Horren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen hedabide honek urtarrilean.

“COVID-19aren aurkako neurri murriztatzaileak ez betetzea izan da interbentzio polizial neurrigabeak justifikatzeko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ertzaintzaren buruek eta Donostiako alkateak erabili duten argumentua. Guk, ordea, behin eta berriz errepikatu dugu pandemiaren kudeaketaren helburua ez dela langileriaren osasun eta ongizate kolektiboa zaintzea izan, elite ekonomikoaren irabazi tasak bermatzea baizik”, salatu dute Parte Zaharrekoek, eta gaineratu dute horretarako erabili dituztela “gazteriaren kriminalizazioa” eta “manipulazio mediatikoa”.

Gaur epaituko duten gazteaz gain, beste hainbat pertsona identifikatu eta atxilotu zituzten egun haietan, eta gazte horiei “babes juridikoa, politikoa eta ekonomikoa antolatzeko” sortu zuten Parte Zaharrean Aske! plataforma. Ildo horretatik, Piztu Donostia eskubide sozial, zibil eta politikoen aldeko plataformaren erresistentzia kutxa irekita dagoela gogorarazi dute, baita auzipetuak babesteko ekarpenak egin daitezkeela ere. Honakoa da kontu korrontea: ES 17 1550 0001 2000 0922 9329.

HITZAkide HITZAkide