Udaltzaingoaren jokabide arrazista salatu du Piztu Donostiak
Piztu Donostiak Udaltzaingoaren jokabide arrazista salatu du, Moussa kale saltzailearen eta Joseba Alvarezen epaiketaren harira egindako elkarretaratzean. Asteazkenean izango da Alvarezen epaiketa eta urtebeteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskatzen diote, udaltzaingoari “atentatua” leporatuta.
Duela hiru urte, Moussa kale saltzaile subsahariarra Abuztuaren 31ko kalean zela, “kalez jantzitako UCOMeko bi udaltzainek oso modu bortitzean atxilotu zuten” Piztu Donostiaren arabera. Joseba Alvarezek “erasotzaileei aurre egin zien modu ez biolentoan, nor ziren eta zertan ari ziren galdetuz”. Egoera horretatik sortutako “zalaparta zela eta” Udaltzaingoak Alvarez salatu zuen eta sakalaketa horren ostean dator asteazkeneko epaiketa.
Piztu Donostiak egindako agerraldian herritarrei dei egin diete asteazkenean epaitegira bertaratzeko goizeko 10:30etan. Bestetik Eneko Goia alkateari, “Udalak bi epaiketatan akusazio partikular gisa parte hartzeari utz diezaion” eskatu diote, baita “Udaltzaingoan arrazakeria baztertzeko neurriak” har ditzala. Moussaren atxiloketa justifikatzeko “autoritatearen aurkako eraso bat egon zela asmatu” zutela salatu dute, “ondorio oso latzak” izan daitezkeela gogoratuz. Donostiako Udalak prekario eta migranteengan “izugarrizko presioa” egiten dutela salatu dute “intentsitate baxuko arrazakeria” gauzatuz.
Alvarezek berak adierazitakoaren arabera: “Donostian arrazakeria gertakari berri baten aurrean gaude. Udaltzainek gaizki tratutako subsahariar baten aurrean protesta egin genuelako epaiektan bukatuko dugu bai berak eta bai nik. Donostian horrelako zona noblean Udaletxeak ez dauka prekario eta migranteak ikusteko inolako gogorik eta presioa egiten ari da”. Horren ondorioz bi epaiketa izango dira goizeko 11:00etan asteazken hontan. Konzentrazioa deituta dago “presioa egiteko udalari, udaltzaingoak bestelako jarrera bat izan dezan migrante eta prekarioekin”.
Gaurko elkarretaratzean ondoko eragileek hartu dute parte: Ongi Etorri Errefuxiatuak, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Bake Ekintza Antimilitarista, Satorralaia, Bizilagunekin, Mugimendu Anti Faxista, CNT, Steilas, ESK, Lab, Antikapitalistak, Alternatiba, Sortu eta EH Bildu.