Demode Produkzioak-ek ikuskizunik onenaren saria jaso du Max Sarietan
Donostian kokatuta dagoen Demode Produkzioak taldeak jaso du Espainiako Estatuko Max Saria ikuskizunik onenari. “Ezin sinetsi” daudela azaldu digu Joli Pascualena zuzendariak: “Espainia mailako sari bat euskarazko ikuskizun bati ematea izugarrizkoa da. Euskarari sari bat da hau”.
Bart banatu dira Espainiako Arte Eszenikoetako Max sariak, Bilboko Arriaga antzokian. Hainbat euskal lan eta arista saritu dituzte, tartean, Donostian kokaturiko Demode Produkzioak taldearen Kutsidazu bidea Ixabel obra. Joxean Sagastizabalen nobela ezagunean oinarritutako musikala duela urtebete estreinatu zuten eta ibilbide oparoa izan du. Joli Pascualena eta Patxi Barco zuzendariek jaso zuten saria 2022an kultura oinarrizko ondasun gisa aitortua izan dadila eskatuz.
Demode Quartet-ek 10 urte baino gehiago daramatza eszenan, komedia eta a capela kantuan oinarritutako musika-ikuskizunen sorkuntzaren arloan garatu dute bere lan artistikoa. Ekitaldi handietan ere parte hartu dute: Basque Culinary Center-en inaugurazioan, DSS2016 Europako Kultur Hiriburutzaren galan eta Donostia Zinemaldiko galetan, besteak beste. Agertoki ugaritan eskaini dute beren lana Euskal Herrian, Espainiako Estatuan edota La Habanan. Joli Pascualena, Patxi Barco eta Iker Huitzik “Demode Produkzioak” proiektua Tabakaleran kokatuta dagoen Kutxa Kulturreko Enea programan jarri zuten martxan.
Aurten 439 ikuskizun aurkeztu zituzten sarietarako; lehen fasean 190 hautatu zituzten, eta 37 iritsi ziren finalera. Guztira, hogei sari banatu zituzten.