Osasun larrialdi egoera bertan behera geratuko da ostegunetik aurrera
Aurreikusita zegoen bezala, Labi batzordeak larrialdi egoera bertan behera uztea erabaki du gaur arratsaldean eta ez da berriro batuko egoera berria mantendu bitartean. Nafarroan joan den astean bezala, ordutegi eta aforoei dagozkien neurri murriztaileak bertan behera geratuko dira ostegunetik aurrera.
Covid-19ak ospitaletan duen eraginak “kritikoa” izateari utzi diola adierazi du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta egoera endemikotzat hartu du. Zentzu horretan “aurreikuspenak bete” egin direla eta, pozik agertu da egoerarekin, oraindik “zuhurtziaz jokatzeko” deia egin duen arren.
Neurri gehienak bertan behera geratuko dira, eta gomendioek soilik jarraituko dute. Bi neurri mantenduko dira: 5.000 lagunetik gorako ekimenetan %80ko aforoa eta maskararen derrigortasuna barnealdeetan, baita kanpoaldean 1,5 metroko distantzia bete ezin daitekeenean.
Egindako agerraldiean, bost mezu nabarmendu nahi izan ditu lehendakariak: ‘Biziberri’ planak bere helburuak bete dituela, egoera berri baten aurrean gaudela, gakoa txertoan egon dela, Jaurlaritzak gardentasunez jokatu duela uneoro eta Euskadi munduko herri aurreratuenen pare egon dela, lan kolektiboari esker.
Osasun langileei eskerrak eman dizkie Urkulluk, baita Labi batzordean parte hartu dutenei eta sailburu eta sailburu ohiei.