Rufo Urtizberea izango da Donostiarrako entrenatzailea aurrerantzean
Joserra Mendizabal 'Mendi' donostiarrak entrenatzaile izateari utziko dio, eta Rufo Urtizbereak hartuko du bere postua.
Rufo Urtizberea, Oiartzungo Itsaslapurren entrenatzailea zenean. (Argazkia: Oarsoaldeko Hitza) Kaiarriba arraun elkarteak jakinarazi duenez, Mendi-k “arrazoi pertsonalengatik” ez du jarraituko entrenatzaile postuan, eta gaineratu dute “beste behin ere, Mendi klubaren beharren mailan” egon dela, klubak behar izan duen guztietan “laguntzeko prest dagoela erakutsiz”. Era berean, arraun elkartean nabarmendu du Mendizabalek klubean jarraituko duela “behar den guztietan laguntzen”, eta, hain zuzen, horregatik eta egindako lan guztiarengatik eskerrak eman dizkiote. Mendi bi aldiz izan da Donostiarrako entrenatzailea: 2008tik 2012ra, eta 2016tik hona.
Urtizberea klubaren harrobiko traineruen entrenatzailea izan da azken hiru urteotan, eta arraun elkarteak nabarmendu du “aurrerapauso bat” eman duela oain, “Euskotren Ligako traineruaz arduratzeko”.

