"Herritarron betebeharra da poliziaren gehiegikeriak salatzea. Berriro egingo nuke"
Gaur izan da Joseba Alvarez ekintzailearen kontrako epaiketa Donostiako Epaitegian. 11:00etan zen hastekoa eta 10:30etarako hainbat lagun eta alderdi eta gizarte eragileetako hainbat ordezkari bertaratu dira Alvarezi elkartasuna adierazteko.
Epaiketak ordu t’erdi inguru iraun du, eta Alvarezen arabera “gezurretan” aritu dira udaltzainak. Irainak eta ekintza biolentoak leporatu dizkiote Alvarezi. Alvarezek berak adierazi bezala kontraesanetan harrapatu dituzte, “esaten ari zirena ez zelako egia”. Epaileak azken hitza eman dio Alvarezi eta honek aprobetxatu eta adierazi du berriro horrelako gauza bat ikusiko balu, “berriro egingo lukeela”: “Herritar guztion betebeharra baita poliziaren gehiegikeriari aurre egitea”. Sententziaren zain geratzen da orain auzia.
Duela hiru urteko gertaera batengatik epaituko dute Alvarez. Moussa kale saltzaile subsahariarra Abuztuaren 31ko kalean zela, “kalez jantzitako UCOMeko bi udaltzainek oso modu bortitzean atxilotu zuten” Piztu Donostiaren arabera. Alvarezekek “erasotzaileei aurre egin zien modu ez biolentoan, nor ziren eta zertan ari ziren galdetuz”. Egoera horretatik sortutako “zalaparta zela eta” Udaltzaingoak Alvarez salatu zuen eta sakalaketa horren ostean dator gaurko epaiketa.
Alvarezek, Piztu Donostiarekin batera, Udaltzaingoaren jarrera arrazista salatu du, eta Donostiako Udalari eta Eneko Goia alkateari akusazioa kendu dezan eskatu diote. Moussa kale saltzaile senegaldarra epaiketaren zain dago oraindik.
Ondoko eragile eta alderdiek eman diote babesa Alvarezi: Ongi Etorri Errefuxiatuak, Errausketaren Aurkako Mugimendua, Bake Ekintza Antimilitarista, Satorralaia, Bizilagunekin, Mugimendu Anti Faxista, CNT, Steilas, ESK, Lab, Antikapitalistak, Alternatiba, Sortu eta EH Bildu.