Txomiñeneko haurtxokoa oraindik ez dute zabaldu udalak egindako murrizketengatik
Donostiako haurtxoko guztiak irailaren 10ean ireki ziren, bat izan ezik. Txomiñeneko haurtxokoa itxita dago, eta gunea kudeatzen duen Kabia elkarteak azaroaren 2an aurreikusten du irekitzea. Donostiako Udalak 2020ko eta 2021eko udal aurrekontuetan %20 murriztu zuen hiriko elkarteentzako diru laguntza. Ondorioz, Kabia elkarteak ezin du zerbitzua behar bezala eman, eta horregatik atzeratu dute irekiera. Egoera salatzeko auzoko bizilagunek eta haurtxokoko erabiltzaileek protesta egin zuten astelehenean eraikinaren aurrean.
Lanberri auzo elkarteak udal gobernuari eskatu dio 2022ko aurrekontuetan elkarteentzako diru laguntza “osorik” mantentzea. Horrela, Kabia elkarteak zerbitzua bere osotasunean mantendu ahal izango du, ordutegiak murriztu gabe eta langileak langabezian utzi gabe. Momentuz ez dute jaso udal gobernuaren erantzunik. Haurtxokoaren erabiltzaileek mobilizazioekin jarraitzea aurreikusten dute Kabia elkarteak diru laguntza osoa jasotzea lortu arte.
Txomineko udal zerbitzu bakarra da haurtxokoa. Auzoan etxebizitzak eraiki diren arren, ekipamendu publiko faltak bere horretan jarraitzen duela salatu du Lanberri auzo elkarteak. Kultur etxe bat eta kiroldegi bat eraikitzea aurreikusten du udalak, baina proiektuak oraindik zehaztu gabe daude. Bitartean, ekipamendu horiek kokatzeko plaza zabortegi bat bihurtu dela kritikatu du Lanberrik. Bestalde, anbulatorioa txiki geratu dela gogorarazi dute, eta ez dituela auzotarren beharrak bermatzen.