Firestone lantegitik kanporatutako pertsona batzuk Zubiaurre pasealekuko etxe batean sartzen saiatu dira
Astearte arratsaldean, okupazio saiakera bat gertatu zen Zubiaurre pasealekuan. Harrera Sareak jakinarazi duenez, Añorga Txikiko Firestone lantegitik kanporatu zituzten pertsona batzuk Zubiaurreko etxe huts batean sartzen saiatu ziren. Dena dela, etxebizitzaren jabea berehala agertu zen eta poliziari deitu zion. Okupazio saiakera gelditu eta kide guztiak indentifikatu zituzten. Jabeak ez du salaketarik jarri. Harrera Sarekoen hitzetan, “udalak ez zuen lehenago alternatibarik eskaintzen, eta oraingoan ere, ez du halakorik eskaini”.
Irailaren 28an hustu zuen poliziak Añorga Txikiko Firestone lantegi berreskuratua. Bertako bizilagunak identifikatu eta kanporatu zituzten, eta eraiste lanekin hasi ziren egun batzuk beranduago. Arratsaldean, lantegiaren hustutzea salatzeko elkarretaratzea egin zuten Donostiako Udaletxe aurrean. SOS Arrazakariak, Caritas-ek eta Infernua Bizirik plataformak eraikinetik atera dituzten pertsonak “kale gorrian” geratu zirela salatu zuten.