Agifesek haur eta gazteen buru osasuna zaintzeko beharra azpimarratu du
Agifesek, buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, bat egiten du urriaren 10ean ospatuko den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzekin. Aurten, haurren eta gazteen osasun mentala jarri du erdigunean, eta gazteenei arreta hobea eskaintzea funtsezkoa dela nabarmendu du. Hala adierazi dute gaur Tabakaleran egindako elkarretaratzean, osasun mentalaren prebentzioa eta zainketa aldarrikatu eta buru osasun arazoen inguruko estigma salatu baitituzte. “Buru osasuna, gainditu gabeko ikasgaia. Aurreiritziak eta estigma alboratu, guztion ongizatea bermatu” lelodun pankarta erabili dute.
Agifeseko presidente Vicente Aretak azpimarratu du beharrezkoa dela “haurren eta gazteen osasun mentalari espezifikoki heltzea, haientzat egokitutako baliabideak eskaini ahal izateko”. Gainera, “zerbitzu publikoetan psikiatra eta psikologo nahikorik ez” dagoela eta buru osasunarekin loturiko arreta-eskaera gero eta handiagoa dela jakinarazi du.
Gazteekin esku hartzeko lan-lerro berria
Gipuzkoako elkarteak proiektu pilotu bat abiarazi du buru osasuneko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzeko. haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta, bizi-proiektu propio eta itxaropentsu bat diseinatzen lagundu nahi diete. Ekimena zortzi gazterekin eta haien familiekin garatuko da 2021ean eta 2022an, eta datorren urtetik aurrera biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko helburua dago.