Aldakonea berrantolatzeko hitzarmena, bertan behera
Egiako hirigintza proiektu esanguratsua aldatzea erabaki du udalak. Altzako Eraikuntza Institutuarekin zuen lotura eten, eta lurzoru batzuei beste erabilera bat ematea aurreikusi dute.
Iazko abenduan, Donostiako Udalak, Kutxa Fundazioak, eta Kutxa Banku Fundazioak hitzarmena sinatu zuten Egiako Aldakoneako hegaleko zenbait lurzoru eta Altzako Eraikuntza Institutua berrantolatzeko. Hitzarmen hori bertan behera utzi zuten astearteko Tokiko Gobernu Batzordean. Udaleko iturrien arabera, hitzarmenari aurkeztutako hainbat alegazio aztertu ondoren hartu dute erabakia. Dena dela, gaineratu dute hitzarmena bertan behera uzteak ez duela baldintzatzen Aldakoneako hirigintza plana. «Udalak aldaketa hori sustatzen jarraituko du», adierazi dute. Eneko Goia alkateak asteartean nabarmendu zuen Aldakoneako eta Altzako Eraikuntza Institutuaren lursaileko hitzarmen propioak egingo dituztela.
Hirigintza planari dagokionez, Mandasko Dukearen pasealekuaren ekialdera jaisten den Aldakoneako hegaleko hainbat eraikin zein etxebizitza eraitsi eta birmoldatuko dituzte, etxebizitza berriak eraikitzeko. Esaterako, Villa San Antonion, Osalan dagoen tokian, etxebizitzak egitea adostu zuten udalak eta Kutxak. Azkenik, ordea, ez dituzte egingo, eta eraikina ekipamendurako erabiliko da. Bestalde, Altzako Eraikuntzaren Institutuaren eremuan babes publikoko etxebizitzak eraikitzea adostu zuten. Eremu horretan dago Altzako gimnasio berria. Orain, ordea, gimnasioa mantendu arren, eraikin horretan eta beste bietan gazte zein adinekoentzako etxebizitzak eta ekipamenduak jarriko dituzte.
Urrezko aukera
Aldakoneako hitzarmena bertan behera geratuko zela jakin orduko, EH Bilduk oharra plazaratu zuen. Udal taldearen ustez, «urrezko aukera» da egitasmoa «birformulatzeko» eta Egia eta Altzaren «benetako beharrei» erantzuteko. «Izan ere, orain artxibatuko den hitzarmenak gehiago erantzuten zien espekulazio interesei herritarren benetako beharrei baino».