Altzako XXI. Bertso Aroak bi ekitaldi egingo ditu urrian
Bizarrain elkarteak, Altzania kultur elkarteak eta Altzako bertsozaleek Donostia Kulturaren eta Lanku kultur zerbitzuen laguntzarekin Altzako XXI. Bertso Aroa ekimena bidean jarri zuten maiatzean. Urte osorako plangintza prestatu dute eta udaran zehar egindako saioen ondoren, urrian bi ekitaldi antolatu dituzte.
Bertso antzerkia
Urriaren 16an umeei zuzendutako ekitaldia egingo dute. Saioa Tomasene Kultur Etxean izango da 18:00etan eta sarrera librea izango da edukiera betet arte. Kultur aniztasuna lantzen duen bertso antzerkia egingo dute umeekin. 5 eta 11 urte arteko umeentzako bideratua izango da.
Bertso bazkaria
Urriko egitarauarekin jarraitzeko bertso bazkaria egingo da urriaren 24ean Altzania Elkartean. Nerea Ibarzabal eta Julio Soto arituko dira bertsotan eta Joseba Alkizak gai jartzaile lana egingo du. Edukiera mugatua izango da eta izen ematea 629041508 zenbakira deituz edo altzakobertsoaroa@gmail.com helbidera idatziz egin daiteke. Sarrera 20 eurokoa izango da.