Emakumeak ere frontean izan ziren
36ko gerra hasierarik, hainbat emakume armak hartu eta lehen lerroan aritu ziren borrokan. Historiaren zati hau, ordea, ez da gehiegi ezagutzen. Hala da bost emakume miliziano anarkisten kasua, itzalpean geratu baitira.
36ko gerrako anarkista milizianoen kartela. (Argazkia: Estibaus) Altzako Historia Mintegiak berreskuratutako dokumentu batzuei esker, 36ko gerra emakume batzuk egindakoa oroitzeko aukera dugu.
Dokumentu horretan, izen zerrenda bat ageri da, hain zuzen ere, miliziano anarkisten zerrenda bat da. Bigarren Torreoiko frontetik CNTko miliziako kuartelera iritsitako taldeen zerrenda, du izenburutzat. Anarkistak Altzan izandako presentziaren berri ematen duen lehen dokumentua da.
Dokumentuak ez du data zehatzik, baina Bigarren Torreoia, Irun faxisten kontrolpean erori zenean sortutako defentsa lerroa izan zen. Horregatik, Donostia 1936ko irailaren 13an erori aurreko egunetan egindakoa izango da ziurrenik.
Zerrenda 285 milizianoren datuek osatzen dute, gehiengoa CNTeko afiliatuak dira. Izen-abizenak, jaiotze-data, egoera, jatorria, armadan aritu bada eta zein alderditan afiliatua dagoen josatzen da bertan.
Denera, ordea, hamabi emakume besterik ez daude. Horietako lauk Herreran zuten bizitokia eta beste bat Pasaian bizi zen arren Altzakoa zen jatorriz. Gainontzekoak, milizianoen gehiengoa bezala, Trintxerpekoak ziren, Errepublika garaian anarkisten gune garrantzitsuenetakoa izan baizen.
Pikoketako milizianoak
Maria Ganuza, Juanita Santamarina, Ascension Olmedo, Pilar Martinez eta Manuela Arozamena dira zerrendako bost emakume altzatarrak. Manuela da guztien artean zaharrena, 29 urte baitzituen, eta ezkonduta zegoen bakarra. Beste lauak ezkongabeak ziren eta gazteagoak: Maria Ganuzak 24 urte zituen, Juanita Santamarinak 16, Ascension Olmedok 20, eta Pilar Martinezek 18.
Gerra hasieran, beste batzuekin batera, bost emakume hauek armak hartu eta Pikoketako fronteko lehen lerrora joatea erabaki zuten, matxinatuen aurrerabidea geldiaraztera. Faxismoaren altxamenduari aurre egiteko armak hartu zituzten lehen emakume milizianoak izan ziren. Hauei gertatutakoari buruzko informaziorik ez dago, baina 1937ko martxoan emakumeak frontetik desmobilizatu zituzten ofizialki, eta osasun eta laguntza zerbitzuetara bidali zituzten.


