"Etxean ez daukagun aitortza jaso dugu Europatik"
Europako New European Bauhaus sarien arabera, Uliako Mintegietako parkea «elkartzeko eta partekatzeko berrasmatutako» toki eredugarria da. Jada nahikoa bultzada badu ekimenak, ez zuen gehiago behar. Baina ondo dator, batez ere, gogoratzeko hemen normaltzat duguna, eredu izan daitekeela munduko beste leku batean. Auzolan batekin ospatu dute parkeko boluntarioek, eta beraien iritzi eta gogoetak jasotzera hurbildu gara.
Lehenik eta behin zorionak jasotako sariarengatik. Nolatan otu zitzaizuen lehiaketa honetara aurkeztea?
European Bauhaus Berria edo New European Bauhaus Europako Batzordeak sustatu duen proiektu bat da, itun berdea gizarteratzeko. COVID-19ak ekarri duen mundu mailako testuinguruan, erreferenteak behar ditugula diote, adibide berriak eta abar. Ekimen hau ez dugu zertan %100ean babestu, baina beraiek sustatu nahi dituzten balioak guk errealitate egiten ditugunez, pentsatu genuen aukera ona izan zitekeela ezagutzera emateko.
Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Oso zaila izango genuela bagenekin. Deialdia ingeles hutsean izan zen eta oso konplikatua, oso espezifikoa zelako. Buru-belarri ibili ginen lantalde bat, lehenik aurkeztu eta ondoren mezua zabaltzeko.
Bozkatu egin behar zen ere.
Jendeak data baten aurretik izena eman behar zuen bozkatu ahal izateko eta jende askori azaldu behar izan genion. Baina ondo funtzionatu zuen eta sorpresa ederra izan zen.
‘Elkartzeko eta partekatzeko berrasmatutako tokiak’ kategorian eman zenuten izena. Beste askotan eman zenezaketen.
Bai, kostatu zitzaigun horietatik bat aukeratzea, denetan baikenuen zeresana. Aurkeztu beharreko txostena asko landu behar zenez, bakarrean aurkeztea erabaki genuen azkenean, eta oso pozik gaude lorturikoarekin.
Aurkeztutako 2.000 proiektuetatik 60 finalisten artean geratu zineten.
Egia esan, ez genuen espero. Kategoria bakoitzean hiru finalista geratu ginen. Horrelako egitasmo batean espero genuen unibertsitate bati, enpresa bati edo arkitekto bati emango ziotela saria. Orokorrean ez dira gureak bezalako proiektu herritar xumeak saritzen.
Eta nolakoa izan zen finala?
Ekitaldia online jarraitu genuen gehienok. Bruselara joateko gonbidapena heldu zenean, ez genuen joateko asmorik. Taldeko kide batek esan zuen: «itxaropena daukat». Eta hara joan zen taldetxo bat, eta eskerrak!
Proiektuaren zein balio nabarmendu du epaimahaiak?
Ekitaldia nahiko hotza izan zen zentzu horretan, baina guk uste dugu pertsonak ateratzen zirelako eman zigutela. Proiektu asko app-ak, programak, lorategiak teilatuetan, eta horrelakoak ziren. Gure proiektua egiazkoa da eta pertsonek osatzen dute. Parkean edozein momentutan dago jendea, denok egiten dugu hau. Benetako inpaktu bat dugu eta demostratu dugu, ekintzekin.
Irabazi duzuen ‘Rising Star’ sariak laguntza ekonomikoa dakar.
Bai, baina ez da horren garrantzitsua. Azken finean egiten duguna egiten jarraitzeko, nahikoa dugu orain artekoarekin. 14.000 metro karratu kudeatzen ditugu, eta ez da gutxi. Oso pozik gaude, kanpotik etorri delako etxean ez daukagun aitortza bat. Oso deigarria da joan den astean jaso genuela saria eta oraindik ez dela ardura politikoa duen inor jarri gurekin harremanetan. Cristina Enea Fundazioak, adibidez, ‘Donostiako ingurumenaren eta jasangarritasunaren paradigmak’, ezikusiarena egin du. Europatik datorren proiektua da, beraiek ezin izan dute aurkeztu. Zenbat portada izango luketen beraiek sari hori lortu izanez gero! Puntu honetan agerian geratzen da ez gaituztela ikusi nahi. Azken finean kalte egiten diegu, momentu honetan agerian geratzen ari dira beraiek, barregarri geratzen ari dira.
Zergatik, baina?
Ez ikusiarena egiten ari direlako, hain nabarmen.
Donostiako Udalaren aldetik?
Bai, udala eta beste erakundeen aldetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak, adibidez. Europa mailatik datorren sari bat da, bada gutxienez ezagutu edo zerbait egin, ezta? Ez dugu beste ezer eskatzen. Jakitea zertan ari garen eta ulertzea.
Zergatik egiten dute «ez ikusiarena»?
Ez zaielako gustatzen eskaintzen duguna. Beste bizi eredu bat eskaintzen dugulako. Guk urte hauetan guztietan lortu duguna da. Erakustea hiria kudeatzeko beste modu batzuk badaudela, ez bakarrik beraiena. Guk daukagula erabakitzeko aukera, imajinatzeko aukera nola nahi dugun hiria izatea, esku-hartzea daukagula. Eta hemen ari gara egiten eurak nahi ez duten ia guztia. Azken finean, herritarren antolakuntza bat dago, eta uste dugu ez zaiela gehiegi gustatzen. Askotan erantzi diegu arropa: etxebizitzen kontuarekin, Aranzadiren asmoekin… Ez zaie buruan sartzen hau beste motako proiektu bat dela. Beraien hiri ereduaren kontrako adibide arrakastatsu bat da hau. Etorkizuneko mundu justuago eta hobeago bat badaukagu, horrelako gauzekin izango da.
Hemendik aurrera zeintzuk dira asmoak?
Udazkenerako aurreikusita zegoen plangintza aurrera eramatea eta orain arteko lanarekin jarraitzea: herritarrei parkea erakustea, baratzarekin jarraitzea, auzolanekin jarraitzea. Eta etorkizunari begira proiektatzen gara. Sari honek erakusten du parke honek etorkizuna duela. Are gehiago, parke honen etorkizuna Uliako Lore-Baratzak dela esango nuke. Ez daukala zentzurik baratzerik gabeko parke soil batek, baratzik gabe, beste batzuek nahiko luketen eran.