Hirugarrena jarraian irabazi nahi du Realeko belar hockey taldeak
Azken bi neurketak irabazita, Aieten ariko da bihar Realeko belar hockey taldea. Txuri-urdinak Sanse Complutenseren aurka ariko dira, ligako talde indartsuenetako bat. Bi taldeek seina puntu dituzte sailkapenean, eta Realak aukera paregabea du sailkapenean gora begira jarraitzeko. Ivan Lorentek zuzenduriko taldeak bere etxean sendo mantentzea espero du. Izotz hockeyari dagokionez, Txuri Urdinek azken porrot mingarria ahaztea du helburu. Etzi jokatuko dute Madrilen Nordic Vikingsen kontra.
Futbolean, Realeko neskek ez dute atsedenik izango. Garaipenen aroa mantendu nahi dute txuri-urdinek ligako neurketa guztiak, bostak, irabazi ostean. Gol asko egiten ari da Natalia Arroyo entrenatzaileak gidaturiko taldea, eta bereziki bi jokalari nabarmendu dira orain arte: Nerea Eizagirre eta Amaiur Sarriegi. Seigarren garaipena etxera ekarriko ote dute? Hori igandean jakin ahal izango da.
Saskibaloian, berriz, zulotik ateratzeko aukera berri bat izango du Ibaeta Basketek. Orain arte jokaturiko hiru partidak galduta sailkapeneko azken postuan daude. Bihar Estudiantesen aurka jokatuko dute Gasca kiroldegian. Madrildarrek hirutik neurketa bakarra irabazi dute, eta Donostiako taldeak aukera ona du sasoiko lehen garaipena beraien kontura eskuratzeko.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Reala – Sanse Complutense (larunbata, 17:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 4. jardunaldia
- Nordic Vikings – Txuri Urdin (igandea, 14:50).
Futbola
Emakumezkoen lehenengo maila, 6. jardunaldia
- Rayo Vallecano – Reala (igandea, 12:00).
Saskibaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 4. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Estudiantes (larunbata, 19:00)