"Lortuko dugula iruditzen zait"
Ategorrieta hiribideko bost etxebizitzen etorkizuna kolokan jarri du Azora funtsak. Alokairu kontratua bukatu zaie, eta berritzeko ordaintzen dutena %33 igo nahi diete. Onartu ezean, giltzak itzuli eta etxea utzi behar dutela jakinarazi diete eskutitz baten bidez. Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel senar-emazteak egoera horretan daude. Azorak kalteturiko bizilagunen elkartekoa da Setien, eta denbora darama borrokan irtenbide bat lortzeko.
Gaur egun, zein da zuen egoera?
Abuztuaren 31n bukatu zitzaigun alokairuaren kontratua. Aurrez eskutitz bat bidali ziguten kontratu berriaren baldintzak azaltzeko. Lazorak kudeatzen ditu orain etxebizitzak, Azora funtsaren filialak. Hasiera batean, Inmobiliaria Vascongadarenak ziren etxeak, baina 2020an akzio guztiak saldu zizkioten Azorari.
Alokairuaren %33ko igoera proposatu digute, eta onartu ezean etxea utzi beharko dugu. Une honetan, 750 euroko alokairua dugu, eta igoerarekin 1.100 euro ingurukoa izango litzateke. Guk ezin dugu ordaindu. Irabazten dugun diruarekin bi soldaten zati handiena alokairura bideratu beharko genuke. Lazorari proposatu diogu orain arteko kontratuan jartzen duen kopurua ordaintzen jarraitzea, eta 750 euroko alokairu prezioa zazpi urterako izatea. Baina ez daude ados, eta giltzak itzultzeko eskatu digute.
Bost familia zaudete kaleratze arriskuan, eta denbora daramazue borrokan irtenbide baten bila. Kaleratzeak Stop eta Alokairu plataformekin batera, udalari bitartekaritza eskatu diozue, eta baita lortu ere. Pasa den astean osoko bilkuran zuen mozioa babestu zuen udalbatzak.
Horrela da, bai. Eneko Goia alkateak konpromisoa hartu behar izan du bitartekaritza lanak egiteko, baina guk egindako presioarengatik. Gure mozioak eskatzen duena da egungo kontratuak berritzea, eta prezioa KPIaren araberakoa izatea. Lazorak gurekin ez du negoziatu nahi izan, baina espero dugu alkatearekin hitz egiteko borondatea izatea.
Udalari dagokionez, bada kontu bat harrigarria iruditzen zaidana. Inmobiliaria Vascongadak akzioak saldu zituenean, udalak aukera zuen salerosketan parte hartzeko, eta aukera hori baztertu zuen. Ez dut ulertzen.
Azorak Lazoraren bidez egin duena espero zenuten bizilagun kaltetuek?
Ez, noski. 2019ko abenduan gauza arraroak nabaritu genituen ordainagirietan. Kalean esaten hasi ziren etxebizitzak txinatar batzuek erosiko zituztela, edo Florentino Perez enpresariak, pentsa. Hori jakitean bilera bat antolatu nuen gure atarian. Bilera horretan erabaki genuen Fidel Manzano Prieto Inmobiliaria Vascongadako kontseilariarekin hitz egitea. Berarengana joan ginen eta lasai egoteko esan zigun. Ordea, Lazorakoak handik gutxira hasi ziren burofaxak bidaltzen kontratuak bukatzear zeudela adierazteko. Ondoren, pandemia etorri zen, eta garai hartan Osasun Iturria kalean bizi zen bizilagun baten kaleratze arrisku bati aurre egin genion. Garaipen handia izan zen guretzat, eta orain gure kasuei ere aurre egin nahi diegu.
Baduzue harremanik Lazorarekin?
Inolaz ere. Badakigu alkateak lortu zuela bere garaian Azorako arduradunekin hitz egitea. Guk ezin dugu beraiekin harremanetan jarri, eta beste bizilagun bati gertaturikoa da horren eredu. Errenta zaharreko alokairua dauka, eta atariko sarraila puskatu zitzaien. Inmobiliaria Vascongadaren telefonora deitu zuen, eta esan zioten Madrilgo Lazora enpresarekin jarri behar zela harremanetan. Hau da, Donostiako etxebizitza baten sarraila konpontzeko Madrilera deitu behar da.
Inmobiliaria Vascongada zeharo desagertu da?
Bai. Ijenteako bulegoak saldu zituzten. Amenabar higiezinen enpresak erosi omen ditu. Etxebizitza turistiko bat jarri nahi zuten, baina ez diete baimenik eman. Inmobiliaria Vascongadak orain bulego txiki bat du Pinudi plazan, baina kudeaketa propiorako da. Ez dago beraiekin hitz egiteko modurik. Manzano Prieto kontseilariari erretreta hartzeko gutxi falta zaio, eta seguru nago gaiaz ahaztu nahi duela.
Ategorrieta hiribideko etxebizitza hauek betidanik izan dira alokairu bidezkoak, ezin izan duzue sekula etxea erosi?
Ez. Duela 100 urte inguru nire emaztearen izeba bizi zen hemen, eraiki ondoren. Ondoren, emaztearen gurasoek hartu zuten etxea, eta gerora guk. Betidanik alokairu bidezkoak izan dira. 2000. urtean etxearen erreforma egin genuen. Lurra aldatu genuen linoliozkoa zelako, eta leihoak ere berritu genituen, besteak beste. Gu 600 euro inguru ordaintzen hasi ginen, eta azken zortzi urteotan 750 euroraino iritsi gara. Eta orain %33 igo nahi digute alokairua.
Bestalde, jakin badakigu beste etxe batzuk egoera kaskarrean daudela oraindik. Linoliozko lurra dute oraindik, hezetasunak eta berogailurik ez. Horrela ere, Lazora 1.000 euroko alokairuak kobratzen ari da.
Zuen etxean bizitzen jarraitzeko itxaropena duzue?
Kaleko presioak mirariak egiten dituela uste dut, eta, bai, lortuko dugula iruditzen zait.