‘Mintzapoza’, berriz elkarrekin egoteak sortzen digun bizipoza
Dagoeneko izena eman daiteke Mintzalaguna egitasmoan, urriaren 18ra bitarte. Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek parte hartu dezakete egitasmoan. Helburua ezagutza praktikan jartzeko jauzia ematea da.
Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenekin eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditu Bagera elkarteak. «Jende ugari dago inguru euskaldunik ez duena edo harremanak gazteleraz soilik eraikitzen dituena, eta hori aldatzea oso zaila da», dio Aitziber Gurutzeaga Bagera elkarteko kideak. Hori dela eta, Mintzalaguna egitasmoan konfiantzazko gune bat sortzen dute, talde txikietan «ikasi duten hori praktikan jarri dezaten». Finean, mintzapraktika egiten dute, eta hiruzpalau pertsonako taldeak dira.
Bidelari eta bidelagunak
Talde bakoitzean bidelagun bat egoten da, baina ez du irakasle lana betetzen: «Kaleko edozein izan daiteke eta ez da titulaziorik behar». Bestalde, euskara praktikatu nahi duten bi edo hiru lagun izaten dira: «Bidelariek, oinarrizko elkarrizketa bat izateko gaitasuna izan behar dute. Ez du axola akatsak egitea edo gaizki hitz egitea baina gutxienez hitz egiteko gai izan behar dira». «Azken finean, beldurra eta lotsa galdu eta trebatzea da helburua, hori gainditu eta pixkanaka, gainontzeko esparruetan hizkuntza erabiltzeko», azaldu du Bagerakoak.
Taldea astean behin elkartzen da ordubetez. Lehen hitzordua, Bageraren egoitzan egiten dute, elkar ezagutu, telefonoak trukatu eta hurrengo hitzordua zehazteko. «Eguraldi onarekin, ohikoena paseo bat ematea izatean da, edo beste asko mahai baten bueltan esertzen dira hitz egitera». Taldeak osatzeko garaian, taldekideen ordutegia izaten da garrantzitsuena. Bestetik, taldekideen euskara maila hartzen da kontuan, eta azkenik, izen ematean auzo, adin edo zaletasun bereko jendearekin elkartu nahi duten galdetzen diete.
Irteerak ere antolatzen dituzte hilabetean behin taldekideez gain jende gehiago ezagutu eta egun bat euskaraz hitz egiten igaro dezaten. Herriak edo museoak bisitatzen dituzte normalean.
Azken bi urteotan, pandemiara egokitutako Mintzalaguna antolatu dute. Hasieran, talde batzuek Internet bidezko edo telefono deien bidezko saioak aukeratu zituzten. Pasa den kurtsoan, berriz, hiriko kultur etxeak erabili zituzten, baina talde kopurua nabarmen jaitsi zen. Denera, 100 pertsona inguruk hartu zuten parte.
‘Mintzapoza’ oinarri
Aurten, egitasmoa aurrera eramateko apustua egin dute eta asmoa «normalatsunaera iristea da, poliki-poliki». Horregatik aukeratu dute Mintzapoza lelo gisa: «Mintzapoza berriz elkarrekin egoteak sortzen digun bizipoza da. Horrekin, hitz jokoa egin dugu». Hori baita aurtengo berezitasuna, eta jendea gogotsu nabaritzen dute antolatzaileek. Horrez gain, harrera hobea egin dezaketela eta jendearengana hurbiltzeko modu gehiago dituztela sentitzen dute.
Bizipoza ez da ikasturte honetako berezitasun bakarra. Mintzalagunaren kanpainako irudia deigarria baita. Gututzeagak azaldu duenez, 45-55 urte bitartekoengana iritsi nahi zuten, «eskolan euskaldundu gabeko adin tartea» delako. Hori dela eta, Superpop aldizkariaren estiloa erabili dute. Euskaltegietan egitasmoa aurkezten ari dira, eta adin horretako jendea identifikatua sentitzen dela eta berehala konturatzen dela dio elkarteko kideak. «Gainera, webgunean irudian klik eginez inkesta bat bete edo bidelari bati egindako elkarrizketa irakur daiteke». Hiru hilabetero Mintzapoza azala aldatuko da, eta bertan antolatzen diren irteeren berri emango dute.
2019-2020 ikasturtean, Donostian 400 pertsonak hartu zuten parte. Aurten, kopuru horretara gerturatu nahiko lukete, baina «jendea oraindik beldurtuta dago eta poliki-poliki joango gara normaltasunera itzultzen». Izena emateko epea urriaren 18ra arte izango da zabalik eta parte hartzaileek 25 euro ordaindu beharko dituzte. Bagera Elkarteko webgunean eta Bageraren egoitzan bertan eman daiteke izena.