Hiriko lau auzotan egin dute protesta enpresa elektrikoen kontra
Deskonektatu elektriketatik! lelopean, protesta zaratatsua egin zuten bart gauean Amara Berrin, Egian, Grosen eta Antiguan. Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko indar independentistek indarrak batu dituzte mobilizazio hauek aurrera eramateko, eta hiru herrialdeetan egin dute protesta. Euskal Herrikoa EH Bilduk antolatu du.
Argindarraren prezioa nabarmen igo izana salatu zuten Donostiako kaleetan. “Nahikoa dela esateko eta elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea iritsi da”, adierazi zuen EH Bilduk ohar baten bidez. Horrela, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan itzalaldi bat eta lapiko-jotzea antolatu zituzten ostiral gauerako. Donostian, Amara Berriko Ferrerias plazan, Egiako Plaza Berrin, Antiguako Gaskonia plazan eta Groseko Nafarroa Beherea plazan egin zuten protesta. Hain zuzen ere, Groseko mobilizazioen bideoa duzue jarraian ikusgai.
Bideoa | 'Deskonektatu elektriketatik!' lelopean, protesta zaratatsua egin zuten bart gauean Amara Berrin, Egian, Grosen eta Antiguan. @HiriBizia https://t.co/v8TRXrZhAB pic.twitter.com/VPPAlwIMlw
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) October 9, 2021