Berra zahar etxeko egoera salatzeko martxa eta informazio mahaia egingo dituzte
Gipuzkoako Senideak elkarteak Altzan mobilizatzera deitu du larunbaterako, hilaren 16rako, Berra zahar etxeko egoera salatzeko. Hain zuzen, 11:00etan elkartuko dira Plaza Gorrian, eta zahar etxeko langileek eta senideek informazio mahaia egingo dute. Ondoren, Berran pandemia garaian hildakoei omenaldia egingo diete, eta zahar etxera abiatuko dira, manifestazioan.
Gipuzkoako gainontzeko zahar etxeekin gertatzen den moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dago Berra, baina enpresa pribatu batek kudeatzen du: Domus Vi multinazionalak. Koronabirusaren izurriaren lehenengo hilabeteetan zalaparta handia sortu zen Berran gertatzen ari zenagatik, denbora gutxian 36 egoiliar inguru hil baitziren COVID-19ak jota.
Hori izango da informazio mahaiaren abiapuntua, eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileen lan gatazka ere izango dute hizpide. Hain justu, 252 greba egun egin dituzte langileek, zaintza eta lan baldintza duinak aldarrikatzen.