Arteleku plazako lanak adjudikatu ditu udalak
Donostiako Udalak Campezo eraikuntza enpresari adjudikatu dio Txomiñeneko Arteleku plaza egiteko kontratua. 1,5 milioi eurokoa da aurrekontua eta bost hilabete eta erdiko epea izango du enpresak lanak bukatzeko.
Arteleku plazak auzoa eta ibaia lotuko ditu, Ibai parkearen jarraipena bihurtuz. Plazaren eremua, berriz, bi gunetan zatituko da, eta etorkizunean aurreikusita dauden bi eraikinen lursailak aintzat hartuko ditu. Plazaren erdian erabilera anitzeko gune zabala jarriko dute auzoko jarduerak egin ahal izateko. Esaterako, jaiak.
Gune horren inguruan lorategiak egongo dira, eta han, hainbat hiri altzari jarriko dira. Gainera, haurrentzako jolastokia, estalki bat eta adineko pertsonek kirola egiteko gunea eraikiko dituzte. Era berean, ekipamendu eraikinak egingo diren lur sailetan dauden behin-behineko kirol kantxak mantenduko dira.