Iztuetako trenbidearen zubia kokatzeko lanak amaitu dituzte
Larunbatean hasi zituzten Iztuetako trenbidearen zubi berria kokatzeko lanak, eta atzo, urriak 12, bukatu zuten prozesua. Trenen zirkulazioa larunbatetik egon da geldirik eta urriaren 12ko zubian patin eta katuen bidez irristatu dute pieza azken kokalekuraino. Ondoren, balastoa (trenbideen artean jartzen diren granitozko harriak), bideak eta katenariak jarri dituzte. Gaur bertan, zirkulazioa martxan jartzea aurreikusten da.
Azkenik, ADIFek azken karga probak egin ditu trenbidea zabaldu aurretik. Trenbidea bi noranzkoetan berrezarriko dute, izan ere, orain arte, trenbide bakarrean mantendu da. Hala ere, ez dute guztiz berrezarriko zirkulazioa; hilaren 13tik aurrera, 30 kilometro orduko abiadura muga izango dute trenek tarte horretan, eta azaroaren 6an berrezarriko dute ohiko zirkulazioa. Orduan hasiko dira hondeaketa lanekin, trenbidearen azpitik joango den pasabide berria eraikitzeko. Gerora egingo diren urbanizazio lanak aintzat hartuta, obra guztia 2022ko apirilerako bukatua egotea aurreikusten du udalak.