Intxaurrondoko eta Hernaniko sei familia kaleratze arriskuan daudela salatu dute
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez, Donostiako Intxaurrondo auzoko eta Hernaniko sei familia “zaurgarri” kaleratze arriskuan daude. Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako eraiki zituen etxebizitza txikietan —32 eta 45 metro koadro artekoak— bizi dira. Etxe horietako alokairu kontratuak bost urtekoak dira, eta ezin dira luzatu. Horrela, sei familiei kontratuak bukatu zaizkie, eta Jaurlaritzaren jakinarazpenak jaso dituzte, giltzak azaroaren eta urtarrilaren artean entregatzeko eskatuta. Horren aurrean, Kaleratzeak Stop plataforma Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren delegaritzaren aurrean, elkarretaratuko dira ostiralean, hilaren 15ean, 11:00etan. Mobilizazioaren amaieran, idatzi bat erregistratuko dute delegaritzan, adierazteko ez dituztela giltzak entregatuko eta euren etxebizitzetan geldituko direla, “inolako zigorrik onartu gabe eta Alokabideren edi Bizigunen alokairu sozialeko etxebizitza egonkor bat adjudikatu arte”.
Gipuzkoako etxebizitzen alokairuaren batez besteko prezioa 1.138 eurokoa dela gogorarazi dute plataformakoek, eta nabarmendu dute familia horiek “diru sarrera urriak” dituztela, eta ezin dutela prezio hori ordaindu. “Denek eskubide subjektiboa eskatu dute, baina ezezkoa eman diete kide bateko, biko eta hiruko edo gehiagoko familia unitateentzat, hurrenez hurren, 9.000, 12.000 eta 15.000 euroko diru sarrera gordineko muga ziztrinak gainditu dituztelako”, gaineratu dute.
“Eusko Jaurlaritzak ez du alokairu sozialeko etxebizitzen parke publiko zaharkitua handitzen, eta ez dauka alokairuaren prezio espekulatiboak izoztu edo erregulatzeko borondaterik”, salatu du Kaleratzeak Stopek.