Aieteko Konferentziaren urteurreneko jarduerak egingo dituzte Donostian
Igandean, hilaren 17an, hamar urte beteko dira Aieteko jauregian Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zutenetik, eta urteurrenaren harira, hainbat jarduera antolatu dituzte Donostian bertan eta Baionan. Aietek 10 urte. Irakaspenak eta Erronkak jardunaldiak antolatu dituzte Conciliation Resources eta Berghof fundazioek —Aieteko Konferentziaren antolatzaileak ere izan ziren—, Foro Sozialak eta Bake Bideak. Euskal Herriko bake prozesuaren irakaspenak balioestea, bakearen eraikitze prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzea eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzea dute helburu jardunaldiek. Izan ere, ETAren jardun armatuaren amaieran eta gatazkaren bake prozesuaren hasieran funtsezkoa izan zen konferentzia hori.
Donostian, hainbat hitzaldi egingo dituzte gaur eta bihar, Aieteko jauregian eta Kursaalean (ikusle gisa joateko, izena eman behar da, hemen):
Osteguna, hilak 14:
- Martin Griffithen Bakerako erronkak Covid-19aren osteko egoeran hitzaldia, 16:30ean, Aieteko jauregian.
- Jonathan Powell, Brian Currin, Teresa Witfield eta Sergio Jaramillo hizlarien Bake prozesuen garapena azken hamar urteotan hitzaldia, 17:30ean, Aieteko jauregian. John Carlin izango da moderatzailea.
Ostirala, hilak 15:
- Andy Carl, Veronique Dudouet eta Paul Riosen Euskal Bake prozesuaren irakaspenak hitzaldia, 10:00etan, Kursaalean. Aitzpea Leizaola izango da moderatzailea.
- Brian Currin, Robert Manrique, Carmen Galdeano eta Agus Hernan hizlarien Euskal Bake prozesuaren erronkak hitzaldia, 11:30ean, Kursaalean. Jonathan Cohen izango da moderatzailea.
- Juan Jose Ibarretxe, Quim Torra, Amalur Alvarez eta Jordi Cuixart hizlarien Gatazken eraldaketa demokratikoa hitzaldia, 18:00etan, Kursaalean. Stephen Gethins izango da moderatzailea.
Hizlarien eta hitzaldi bakoitzaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, Bake Bidearen webgunean kontsultatu daiteke. Bestalde, larunbatean bukatuko dira jardunaldiak, Baionan, eta egun osoko egitaraua aipatu webgunean ikus daiteke.