"Donostiarentzat oso arriskutsua da turismoaren monolaborantza"
"Jubilatua, baina ez erretiratua" berak aitortzen duenez. Gailu informatikoak euskaraz egotearen arduradunetako bat da Iñaki Alegria donostiarra (Intxaurrondo, 1957).
IXA Taldearen sortzaileetako bat da, 1988tik hizkuntza teknologien arloan garapenak eta ikerketak eginez: Tartean horren ezaguna den Xuxen zuzentzailea. Software librearen defendatzailea eta saltsa ugaritako parte hartzailea, Gladys del Estal informatikari eta ekologistaren lagun eta kide izan zen. Bere azken ekarpena: Eduardo Galeano uruguaitarrak (1940-2015) duela 50 urte idatzi zuen ‘Latinoamerikaren zain urratuak’ liburu luze, klasiko eta ederra euskaratu izana.
Elkarrizketa osoa bihar argitaratuko da IRUTXULOKO HITZAren astekarian eta webgunean. Ordura arte, hemen daukazue aurrerapen txiki bat:
Argazki lazgarria egiten zuen Galeanok duela 50 urteko Latinoamerikaz. Zeintzuk dira liburu hau egun irakurtzeko arrazoiak?
Bi zati daude liburuan: baliabide naturalen ustiaketarena (metalak, elikagaiak eta erregaiak) eta gero beste zati bat, bere garaian garrantzia gutxiago eman niona, liberalismoaren eraginari buruzkoa. Galeano oso aitzindaria izan zen neoliberalismoa aztertzen, hitza bera ere oraindik sortuta ez zegoenean. Izan ere, neoliberalismoaren lehen esperimentuak Latinoamerikan egin ziren (Txilen eta abar). Guk orain asko dugu ikasteko, zorraren krisia dela eta. Latinoamerikan urteak daramatzate ondorio neoliberal hori jasaten Munduko Banku Zentralarekin. 2007ko krisiarekin hemen ugaritu dira erreskateak eta honek dakarren zorraren krisia. Europan bizitzen ari garena Latinoamerikaren ezaugarri inportante bat izan da.
Monolaborantzarena ere gai garrantzitsua da. Orain, adibidez, Andy Robinsonen Oro, petróleo y aguacates irakurtzen ari naiz. Monolaborantza berriak: kinoa, soia, ahuakatea… Beti berdina da: igoera eta aberastasun handia eta gero beheraldia. Basamortuak geratzen dira monolaborantzaren atzean. Aberastasuna sortzen da baina ez da bertan geratzen. Donostian turismoarekin gertatzen ari dena, esaterako.
Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) zuzendaria izan zinen 2014-2018 artean. Zergatik hautu hori?
Ni euskaldun berria naiz, eta euskarari lotutako egitasmoetan parte hartu nahi izan dut beti. Unibertsitatean ari nintzela, Kepa Sarasolarekin bildu nintzen, eta Informatika Fakultatearen bueltan euskaraz zer edo zer sortu behar genuela uste genuen. UEUn honela hasi ginen, garai hartan unibertsitate mailan euskaraz egiteko ez zegoelako tokirik. UEU zen horretarako tokia, eta zoragarria zen. Adibidez, Txillardegi eta Jose Ramon Etxeberria han ezagutu nituen tabernan eta jende pilo bat bizitza osoan alboan egon direnak. Ez zen goitik beherako unibertsitate bat, berdintasunean oinarritzen zen. Niretzako UEU izan da proiektu berriak aurrera ateratzeko toki zoragarri bat.
2003an, online unibertsitatea sortzeko aukera eman zen (Katalunian jada bazegoen). Zuzendaritzan egon nintzen garai horretan, eta hainbat arazorengatik ez zen atera. 2014an, aukera berriak egongo zirelakoan proposatu zidaten, eta azkenean zuzendari gisa sartu nintzen proiektu horrengatik, sinisten dudalako.
Munduko garapen garrantzitsuenak (Windows, Ubuntu, Linux, Android, WordPress…) ditugu euskaraz jadanik. Zein izan da gakoa?
Unibertsitatea eta gure taldea izan da hanketako bat. Gero euskararen alde dagoen herrigintza bestea bat, adibidez Librezaleren edo Wikipedia Euskararen moduko taldeak. Gutxi izanda, asko ezagutzen dugu elkar. Eta desadostasunak gora behera, teknologia berrien inguruan ekosistema bat sortzea lortu zen.
Software librearena beste hanka bat da, hizkuntza txikietarako ezinbestekoa. Bestela, oligopolio multinazional batzuekin lortzea oso zaila da. Edo diru asko jartzen duzu aurretik, edo bestela zerotik hasi behar zara. Software librerik gabe ezinezkoa. Xuxenekin, adibidez, hasieran Microsoftek kobratzen zuen Xuxen jartzeagatik. Linuxekin egin genuen garapenari esker (LibreOfficen dagoena), Microsoftek bere burua behartuta ikusi zuen. Eta orain ordaindu gabe egiten du. Herri gisa lortu dugu teknologikoki maila onean egotea. Orain erabiltzaileak behar ditugu. Adibidez, telefonoa euskaraz konfiguratzea uste baino askoz inportanteagoa da, eta oso jende gutxik dauka.