Bidebietan nazi bat egon zenekoa
Frankistek 36ko gerran fusilamenduak egiteko erabili bazuten ere, tiro txapelketak egiteko eraiki zuten Bidebidetako tiro eremua. Gerraostean, ordea, bere jatorrizko izaera eman nahi izan zioten berriz, eta txapelketak antolatzen hasi ziren. Horietako batera nazi bat etorri zen.
Ia 80 urteko historian 1907tik 1984ra egon zen irekita, askotariko gertakariak eta bitxikeriak bizi izan zituen Bidebietako tiro eremuak, batzuk besteak baino atseginagoak.
Izan ere, Espainiako Tiro Nazionalaren Donostiako ordezkaritzak kirol erabilera emateko helburuarekin ireki zuen tiro eremua XX. mendearen hasieran, eta tiratzaileek entrenatzeko erabiltzeaz gain, hainbat txapelketa egiteko erabili zuten gunea urte haietan.
Ordea, 36ko gerra piztu zenean, militar frankistek bere egin zuten tiro eremua, eta gerrak iraun zuen bitartean eta gerraosteko lehenengo urteetan erabilera ankerra eman zioten eremuari: Ondarretako espetxeko presoak hara eramaten zituzten, fusilatzeko. Hain justu, han erregistratutako azken fusilamendua PSOEko Luis Iglesias Ansañorena da, 1940koa.
Gerra amaitu eta Francok Espainiako Estatu osoko boterea bere gain hartu ostean, 1939ko irailean eratutako zuzendaritza berriak tiro eremuari gerra garaian emandako erabilera ilun hori alde batera utzi nahi izan zuen, eta militarren maniobrak egiteko erabiltzen hasi ziren; 1962ra arte aritu ziren han maniobrak egiten.
Erabilera militarraz gain, eremuaren kirol izaera berreskuratu nahi izan zuen gunearen zuzendaritzak, eta 1941eko abuztuan iragarri zuten tiro txapelketa handi bat egingo zutela irailean. Talde zibilek zein militarrek hartu zuten parte.
Nazi bat etorri zen
Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak Donostiando blogean txapelketa horren eta gonbidatuetako baten istorioa berreskuratu du. Hain zuzen, Albert Schmierer SA tropa nazietako jenerala gonbidatu zuten txapelketa ikustera.
SA indarretako jenerala izateaz gain, Alemaniako Tiratzaileen Elkarteko presidentea zen Schmierer, eta Haupt komandatearekin (elkarteko idazkari nagusia ere bazen) eta Gardeman doktorearekin (erregimen naziko legazioko agregatua zen) batera etorri zen.
Ohore guztiekin egin zioten harrera Schmiererri: iristean, itsas infanteriako patruila batek ohorezko guardia egin zuen bere aurrean. Ondoren, besteak beste, Fernandez Espeso gobernadore militarrak, Sanz Orrio gobernadore zibil eta Mugimenduaren lurraldeko buruak egin zioten harrera, baita beste hainbat agintari militarrek eta zibilek ere.
Aurkezpenak bukatuta, Schmiererrek txapelketa jarraitu zuen agintari frankistekin batera, eta hainbat estilotako erakustaldiez gozatu zuen: patruilenak, pistola estilokoak, eta abar. Horren ondoren, Tiroaren Gurutze Handia eman zioten jeneral naziari eta berarekin zihoazenei, eta agintari frankistekin batera Cantabrico jatetxean ardoa edaten amaitu zuten.
Erregimen frankistak eta naziak harreman estua izan zuten moduan, Bidebietan izan ziren agintari frankistak eta naziak giro onean aritu ziren 1941ko iraileko egun hartan, ardoarekin brindisak egin ostean Igeldo mendira igo baitziren, Gudamendin uso tiroan aritzera.