Haritzaldek salatu du udalak Belartza Goikoan merkataritza gune bat jartzeko prozedura baimendu duela
Haritzaldek salatu duenez, asteazkenean Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman zion Belartza Goikoa AÑ.13.1 plan partzialari. 83.894 metro karratuko azaleraren eraikigarritasuna eta jarduera ekonomikoa dituzten erabilerak baimendu dituzte.
Elkartearen arabera, “diskrezio osoz” eta “ahopeka” hartu da erabakia, “Belartzakoak baino interes gutxiagokoak edota inpaktu txikiagokoak” diren puntuen berri ematen duten bitartean, Belartzako lanen inguruan “informaziorik ez, berririk ez eta ezta ere bilkuraren puntu horren bideorik”. Haritzalderen ustez, “iluntasun” hau “ez da kasualitatea”, eta auziari lotutako “irregulartasunak eta legez kontrako erabakiak” ekarri dituzte gogora.
Haritzalde 2016tik ari da salatzen lanen irregulartasunak eta “legez kanpoko” 130.000 metroko kubikoko lur eta harri pilaketa. 2019ko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak “Belartzako material pilaketa desegiteko eta eremua berreskuratzeko” eskatu zion udalari. “Oraindik ez da ezer egin eta bilerak egiteko eskaerari entzungor egiteaz gain, atzetik enpresarekin negoziatzen ari da udala, izkutuko lanketak hasierako onarpena lortu duen Plan Partzial berria ekarriz”.