Eserialdia egin dute Lehen Hezkuntzan maskara erabiltzearen kontra
Haurrak Ere Bai familien sareak protesta ekintza bat egin du Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxetan. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izan ez dadin hamar minutuko eserialdia egin dute ikastetxeetako irteera orduan. Esaterako, Egiako Aitor Ikastolako jolastokian egin dute protesta.
“Ekintza ikastetxeetan egitea proposatu dugu guraso zein hezkuntzako profesionalak antolatu, batu eta aktibatzeko helburuarekin, hezkuntza komunitatearen parte garen heinean, hitza eta erabakietan parte hartzeko gaitasuna ditugula gogoratzeko. Ez da ikastetxearen kontrako ekintza, bai, ordea, hezkuntza protokoloa bera eta hau ezartzearen kontrakoa. Denok gara gure haurren ongizatearen arduradun”, azaldu du sareak.
Maiatza bukaeran ikasturtea antolatzeko azken proposamena aurkeztu zioten Hezkuntza eta Osasun sailari. Hainbat ikastetxetan ere aurkeztu zuten: “Orduan argi geneukan, eta orain are argiago. Ez dugu haurren musukoaren derrigorrezko erabilera onartzen, ez inolako testuinguruan ezta aitzakipean ere. Orain, inoiz baino gutxiago. Azken hezkuntza protokoloaren ostean baina zur eta lur gaude, ez baitiogu 6-12 urte bitarteko haurrek aire zabalean musukoarekin egon beharraren argudioari zentzurik aurkitzen. Haurrak herriko parketan eta plazetan musukorik gabe baitabiltza”.
Haurrak berriz ere “kriminalizatuak” izaten ari direla uste dute, eta haien garapenari dagozkien beharrak “aintzat hartu gabe” hartzen direla erabakia. “Honekin bukatu beharra daukagu”, nabarmendu dute.