Ostalaritzari emandako terrazen ezohiko baimenak kentzeko eskatu du Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak oharra plazaratu du COVID-19aren harira baimendutako terrazen ingurukoa. Donostiako Udalak hiriko tabernek eta jatetxeek terrazak jartzeko neurriak onartu zituen. Larrialdi egoera bukatuta, auzo elkarteak udalari eskatu dio egungo terrazei buruzko ordenantzak baimentzen ez zituen behin-behineko neurri bereziak kentzeko (2020ko abenduaren 4ko Alkatetzaren Dekretua).
Udalak hainbat baldintza jarri zituen pandemia egoeran behin-behineko terrazak jartzeko, eta horiek gogora ekarri ditu auzo elkarteak: “terrazak, ikusten ez diren edo urrun dauden eremuetan; trafikoko bideen beste aldean dauden eremu edo espazioetako terrazak; ibilgailuak aparkatzeko eremuko terrazak; haizetik babesteko aurrealdeko elementuak; beste baimen batzuei esleitutako espazioak erabiltzea; irekitzeko ordutegia aurreratzea; gas berogailuak instalatzea berariazko baimenik eskatu gabe; eta hiru aulki Parte Zaharreko fatxadaren kontrako mahaietan”.
Larrialdi egoera bukatuta, ostalaritzako terrazak aurreko dimentsioetara itzultzea eskatu dute, bere horretan mantentzeko “justifikaziorik” ez dagoelako. “Horrela, galdutako espazio publikoak berreskuratzea eskatzen dugu, bide publikoa hiriaren egitura orokor eta organikoaren zati baita, eta haren funtzio nagusia da ibaiertzetako erabileretarako sarbidea ematea”.