Berriz egin beharko da kaiko amarralekuen banaketa, "iruzurra" salatu ostean
Euskadiko Kirol Portuak ebazpen bat argitaratu du, irailean argitaratu zen Donostiako kaiko 382 amarralekuen esleipendunen zerrenda baliogabetzeko, banaketan atzeman diren “sakoneko akatsen ondorioz”. Zozketan parte hartu zuten ia mila erabiltzailek “iruzurra” salatu zuten hasieratik eta helegitea aurkeztu zuten. Argitaratutako amarralekuen esleipenak baliogabetu egin dira, eta orain hiru hilabeteko epe berri bat hasi da hautagaien artean espazioak banatzeko, joan den martxoan prozesua hasi zenean aurreikusitako irizpideen arabera.
Duela gutxi, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) elkarteak bertan behera utzi zuen amarralekuak esleitzeko prozesua, irailaren 23an plazak esleitu ondoren antzemandako “akatsak zuzentzeko”. Esleipendunen zerrendak hainbat hautagairen protestak altxatu zituen, eta ziurtatu zuten plazen banaketa ez zela EKPk ezarritako arauen araberakoa.
Izan ere, 382 amarraleku atera zituzten lizitaziora, bi eremutan banatuta: kirol dartsena eta arrantza dartsena. Salatzaileek ziotenez, 930 eskaera aurkeztu ziren (tokien ia hirukoitza), eta horietatik 869 onartu zituen EKP-k. “61 eskaera dokumentazio osoa ez aurkezteagatik edo osatu gabe egoteagatik” baztertu zituzten. Bestalde, 869 eskaera horietako 382ri amarralekua adjudikatu zitzaien eta 320 itxaron zerrendara pasa zituzten. Beste 167 eskaerak, aldiz, “ez daude zerrenda batean ere”, salatu zutenez.