Isunak jartzen hasi dira Kontxako pasealekua baimenik gabe zeharkatzen duten ibilgailuei
Kontxako pasealekua baimenik gabe zeharkatzen duten ibilgailuei isunak jartzen hasi ziren mugikortasun agenteak. Pasealekuko errepidean inguruan egiten diren lanengatik errei bakarra dago irailaren 28tik, eta soilik garraiobide publikoak, taxiak, motorrak eta larrialdietako ibilgailuak ibil daitezke. Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, atzo 26 isun jarri zituzten araua hausteagatik. Zortzi jarri zituzten goizean, eta hemezortzi arratsaldean. Horietatik hiru ibilgailu atzerritarrak zirela nabarmendu du. Isuna 90 eurokoa da.
Ezarritako seinaleak gutxiago errespetatzen dira Erdialdetik Antiguarako noranzkoan, Goiak gaineratu duenez. “Isunak jartzeko irizpidea da eremu horretan ibiltzeko baimenik ez duten ibilgailuak zigortzea. Gune hau modu aleatorioan kontrolatuko da, hiriko beste hainbat guneren antzera. Ez da lehentasunezko gunea izango”, esan du alkateak. Udalaren helburua da Kontxako pasealekuan garraio publikoaren zirkulazioa ahalik eta gutxien kaltetzea, “erabat mugatuta daudelako lanengatik”.