Kontxako bidegorriaren laugarren fasea egungo obrarekin batera egingo dute
Kontxa inguruko proiektuetan jasotako obra guztiak egiteko kontratua aldatzeko urratsa egin du Donostiako Udalak. Izan ere, Kontxako bidegorriaren laugarren fasea egungo obrarekin batera egiteko beharraz ohartu dira. Adjudikazio prezioaren igoera 666.644 eurokoa da, eta egiteko epearen luzera hilabetekoa izango da. Kontxako lan guztiak 2022ko uztailerako bukatzea espero du udalak.
Bidegorriaren lanak hainbat fasetan egitea aurreikusi zuten, aurrekontuak eta mugikortasunean izango zituzten eraginak aintzat hartuta. Laugarren fasea ez zen berehala egitea aurreikusten, baina Kontxako pasealekuaren itxituraren eraginez, fasea lizitatutako obrarekin batera egiteko beharra ikusi zuten. Batez ere, mugikortasun afekzioak gutxitzeko, behin-betiko obrak eginez eta euri urak biltzeko sarea bukatuz.
Kontxako kabinak
Udalak Kontxako kabinak birgaituko ditu, eta horretarako kontratazio espedientea onartu dute gaur. Aurrekontua 490.400 eurokoa da, eta bukatzeko epea hogei astekoa. Aurreikusitako jarduketen helburua da estalkitik ura ez sartzea, arkupeetatik gertu kutxatilek gainezka ez egitea eta estaldurak, zoladurak eta sabai faltsuak birgaitzea.