Lehen aldiz Donostian egingo dute KoopFabrika
KoopFabrikak, aurkezpena egin du asteartean Egiako Teila Fabrikan. Ikasturteko asmo eta erronkak aurkeztu dituzte, eta lehen aldiz formazioak Donostian eskainiko dituztela iragarri dute. Ekitaldian KoopFabrikako ordezkariez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, ekintzaileak eta GEZKIko ordezkariak egon dira.
Gorka Julio Hurtadok KoopFabrikak aurtengo ikasturterako dituen asmoak azaldu ditu: “Seigarren ikasturtea da aurtengoa eta salto kualitatibo bat emateko tranpolina prestatzen ari garela esango nuke. Bere garaian piloto izan zena errealitate bilakatu dugu eta orain sistematizatzea da helburua, unibertsalagoa izango den zerbait sortzeko, Gipuzkoatik hasi, Euskal Herrian hedatu eta mundura zabalduz”.
Formazio aukerak bi garai izango ditu. Lehena Eskoriatzako HUHEZIn izango da azaro eta abenduan, bigarrena, otsailetik martxora izango da, Egiako Teila Farbikan. Juliok azaldu duenez “Donostiara etortzea apostua da guretzat” eta Egia auzoa “bereziki interesgarria” dela esan du, “duen historiagatik eta martxan dauden ekimen motengatik”. Juliok aurreratu duenez, migranteekinn lan berezia egin nahi dute. “Hainbat esperientzia” daudela onartu du, eta horiek zabaltzearen beharra jarri du mahai gainean.
Ekitaldian bi ekintzailek hartu dute parte ere, euren esperientzia kontatuz. “Koop Fabrikaren formazioak eta bidelaguntza ezinbestekoak” izan direla onartu dute. “Bakarrik ez nagoela sentitzeko balio izan zidan KoopFabrikak. KoopFabrika gabe ez dakit aurrera egingo nukeen nire ideiarekin”.
KoopFabrika Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Ekintzailetza Soziala bultzatzeko proiektua da. 2017an jarri zen abian eta, ordutik, hamarnaka proiektu bultzatu dira, modu batean edo bestean jendartearen eraldaketan dihardutenak. Formazio hauetan izena emateko aukera zabalik dago KoopFabrika.eus webgunean.