Loturak sendotu, minbiziari aurre egiteko
Bizitza bizigarriago bat helburu, minbizia duten pertsonen egoeraz kontzientzia piztu nahi du AECC Gipuzkoak. Bularraren minbiziaren nazioarteko egunean, martxan den egitasmo berri bat aurkeztu dute: ‘Batzen gaituzten loturak’.
Ekimenaren funtsa, gaixorik dauden pertsonak eta gizarteko sektore eta eragileak batzea izango da, eremu anitzetan izan dezan oihartzuna minbizaren kontrako borrokak.
Joan den astean egin zuten lehen topaketa hainbat kazetarirekin. Esperientzia pertsonalak partekatu zituzten kazetariek eta minibiziarekin bizi diren pertsonek. Oso “aberasgarria” izan zela baieztatu dute, eta hitz egitearen eta komunikatzearen beharra azpimarratu zuten. Komunikatzeko moduan, ordea, zalantza batzuk erakutsi zituzten. Gaixorik dauden pertsonengan arreta jartzeaz gain, gaixoak sostengatzen dituzten senideak eta komunitatea aintzat hartzea beharrezkoa ikusten: “Egunerokoan karga handia daramate beraiek ere, eta laguntza behar da hor”.
Bestetik, lantzeko moduan, ez daude eroso minbizia borroka batekin alderatzen duen diskurtsoarekin. Egiten diren kanpaina batzuk ere kritikatu dituzte: “Enpresek egiten duten arrosaren erabilera gehiegizkoa da. Marketin hutsa. Egiten dituzten kanpainetan %1a ikerketara bideratuko dela esaten dute, baina hori gutxiegi dela uste dugu”.
Ekitaldian azpimarratu dutenez, ikerketan inbertsio gehiago egin beharra dagoela argi dute gaixoek eta boluntarioek. Azpimarratu dute koronabirusaren kasuan zein azkar atera den txertoa, “ikerketara diru eta baliabide mordoa bideratu delako”. Posible ikusten dute beste gaixotasunekin ere aurrera pausuak ematea.
Yolanda Alzola kazetariak parte hartu zuen joan den asteko ekimenean eta “oso hunkigarria” izan zen berarentzat. Ezjakintasun handia dagoen eremua dela uste du Alzolak. Esaterako, Donostian tratamendua behar duen jendeak askotan Hotel edo pisuetara joan behar izaten dira, horrek suposatzen duen karga ekonomikoarekin eta minbizia lantzen duten elkarteek pisuak uzten dizkiete, egoera errazte aldera.
Gaixotasunak dakartzan arazoez gain, minbizia duten pertsonen egunerokotasuna “normala” dela azpimarratu nahi izan dute. “Nik 10 urte daramatzat minbiziarekin bizitzen. Ikasi egiten da”.
Oraindik prest ez dauden arren, datozen ekitaldiak pentsatzen ari dira. Politikariak eta enpresariak dituzte begiz jota. Izan ere “zaurgarritasun ekonomikoa kontuan hartu behar da ere. Bizitza normaltasunarekin eramaten saiatzen den arren, denbora luzez egoten baitira lanik egin ezinik”.