Igeldoko Udazken Jaia ospatu eta adinekoak omentzeko bazkaria egingo dute
Iaz ez zuten Udazken Jaia ospatzeko aukerarik izan, osasun krisiaren eraginez. Aurten, ordea, Igeldok bere festa kutunetako bat berreskuratuko du asteburuan, hilaren 23an eta 24an. Igeldoko adinekoak omentzeko bazkaria ere antolatu dute frontoian. Dena dela, antolatzaileek adierazi dute segurtasun neurriengatik bazkaria catering baten bidez izango dela. Hori dela eta, jubilatuek konfirmatu beharko dute bazkarira doazela, cateringekoek kopuru zehatza prestatuko baitute. Txartelak ere aurrez erosi beharko dira, edo erreserbatu –gaur da azken eguna–.
Hona hemen bi eguneko egitaraua:
Urriak 23, larunbata
- 11:00-13:00. Haurrentzako bizikleta saioa kantxan (euriarekin frontoian). Bi saio izango dira: 11:00-12:00 txikiak; 12:00-13:00 handiak.
- 20:00. Bertso musikatuak, eskolan.
Urriak 24, igandea
- 10:00-13:30. Azoka, plazan. Bertako eta inguruko produktuak egongo dira salgai eta horrez gain, bigarren eskuko azoka ere izango da.
- 10:00-13:30. Argazki zaharren erakusketa, kultur etxean.
- 14:00 Herri bazkaria, frontoian. Bertan herriko aitona-amonak omenduko dira. Asistentzia konfirmatu egin behar da.