Ikasbide kultur elkartearen Azaro Kulturalak lau hitzaldi eta bertso saio bat izango ditu
Azaroaren 4an hasi eta abenduaren 4an bukatuko da Ikasbide kultur elkarteak antolaturiko Azaro Kulturala. Hilabeteko epean bost jarduera antolatuko dituzte: lau hitzaldi eta bertso saio bat.
Hitzaldiak azaroko ostegunetan izango dira kultur elkartearen aretoan, 19:30ean. Hilaren 4an, 5560 Laranja Azal hitzaldia eskainiko du Hossain Kanaaachek. Hilaren 11n, Nola eragiten dute baldintzaile sozialek gure osasunean? hitzaldia emango du Maialen Berridik, familia medikuntzan adituak. Hilaren 18an, Nork garestitzen du argindarra? hitzaldia eskainiko du Beñat Irasuegik, Talaios kooperatibako kideak. Azkenik, hilaren 25ean, Azidotasunaren kontrola txakolinean: hartzidura malolaktikoa hitzaldia emango du Aritz Mokoroak.
Bertso saioa, berriz, abenduaren 4an izango da Probestu plazan, 12:30ean. Abenduaren 3ko Euskararen egunarekin bat egingo dute biharamunean. Aitor Mendiluze eta Alaia Martin izango dira bertsolariak, eta gaiak jartzeaz Asier Ibarguren arduratuko da.