Ondarearen Europako Jardunaldien harira, jarduerak antolatu dituzte Euskal Itsas Museoan
Donostiako Euskal Itsas Museoa Europako Ondarearen Jardunaldietan parte hartzen ari da, eta zenbait jarduera antolatu ditu. Egitarauaren ardatza hilaren 15etik ikusgai dagoen Balearen begia erakusketa da. Joseba Mercader artista tolosarraren obra jaso dute museoan; Kontxan hondartutako balea batekin izandako kontaktuaren ondoren sortutako hamar irudikapenek osatzen dute erakusketa. “Josebak mugikortasuna eta hitz egiteko ahalmena zailtzen dizkion gaixotasun bat du, baina horrek ez du bere sormen grina geldiarazten”, azaldu du museoak. Erakusketa hilaren 31ra arte bisitatu ahal izango da, doan.
Horrez gain, erakusketarekin zerikusia duten bi jarduera egingo dituzte datozen egunotan. Alde batetik, ostegunean, hilaren 21ean, Balearen begia dokumentala proiektatuko dute Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:00etan. Mercaderrek berak eta B_Egia Zinemagintza Gizarte eta Ingurumen Garapenerako Zinematografia Elkarteak 2018an sortutako proiektua da dokumentalarena, eta erakusketaren osagarria da. Proiekzioaren ondoren, mahai-inguru bat egingo dute Cesare Maglioni eta Amaia San Sebastian, film laburren zuzendari kideek; Izaskun Suberbiola Mater Museoko komunikazio zuzendariak, eta Alicia Otaegui artista plastikoak –Ylenia Benito izango da moderatzailea–, eta itsas ondareari buruz hitz egingo dute.
Bestetik, hilaren 23an Mercaderrek sortutako itsas fototransfer ikastaroa egingo dute museoko terrazan eta ganbaran, 10:45ean. Jardueran parte hartzen duten 16 urtetik gorako pertsonek artelan bat egingo dute museoko artxiboko irudi bat berrerabilitako egurren gainean inprimatuz. Egur horiek arrain kaxa zaharretatik eta Albaolako San Juan ontziaren eraikuntzan baztertutako zuren gainetik datoz. Hain zuzen, erakusketan ikusgai dauden artelanak hondartzan jasotako egur zatiekin eginda daude. Hilaren 23ko ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da, hezkuntza@itsasmuseoa.eus helbide idatzita edo 943-43 00 51 telefono zenbakira deituta.