Prest daude Amara Berri Eguna ospatzeko
Larunbatean, hilaren 23an, Amara Berriko hainbat elkarte eta gizarte eragilek lehen Amara Berri Eguna ospatuko dute. Armeria plazan izango da 10:00etatik 14:00etara. Topaketa bat egitea da helburua, eragileek egiten dutena auzotarrei ezagutzera emateko, baita elkar ezagutzeko eta informazioa trukatzeko ere. Guztira hemeretzi eragilek parte hartuko dute.
Donostiako Udaleko Partaidetza sailak bultzaturiko egitasmoa da. “Amara Berriko Auzo Mahaiaren bilera batean sortu zen. Bilera horretan, elkarteen lanari balioa emango zion topaketa antolatzeko aukera zegoela konturatu ginen”, azaldu du Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziak.
Larunbat goiz osoan zehar, adin guztientzako kultur jarduerak antolatu dituzte. Txistularien, euskal dantzen, bertsolarien edo antzerkiaren emanaldiez gain, puzgarriak eta jolasak izango dira txikienentzat. Era berean, karpa bat egongo da, eta han bideoak proiektatuko dira egitasmoan parte hartzen dutenen jarduerei buruzko informazioarekin. Era berean, auzotarrei auzoko gune publikoa aktibatzeko eta hobetzeko plana (EPAH) aurkezteko aukera aprobetxatuko da.
Hona hemen egitaraua:
- 10:00. Aurkezpena, Nerea Albisuren eta Xabier Otaegiren bidez.
- 10:10. EPAH egitasmoaren aurkezpena, Jon Agirre arkitektoaren eskutik (Paisaje Transversal).
- 10:30. Txalaparta.
- 10:40. Musika saioa: Mugan.
- 11:00. Musika saioa: Banda Bi.
- 11:30. Musika saioa: Dultzaineroak.
- 11:50. Bertsolariak: Itsaso Piquer eta Asier Ibarguren.
- 12:15. Zumba: Easo Politeknikoko ikasleak.
- 12:30. Haurren saioa: Txirula Mirula.
- 12:45. Reggae musika: Beñaranks.
- 13:05. Dantza saioa: Bamboo dantza.
- 13:20. Trikitixa: Soinu Alai taldea.
- 13:30. Abesbatza: Goratzar abesbatza.
- 13:45. Reggae musika: Beñaranks.
Egitasmoaren talde eragilea hauek osatzen dute: Amara Berri Ikastetxea, Amara Berri Guraso Elkartea, Katalin Erauso Ikastetxea, Karmelo Ikastetxea, Karmelo Guraso Elkartea, Politekniko institutua, Ikasbide Kultur Elkartea, Amara Berri Auzo Elkartea, Ilunki Elkartea, Chernobil Elkartea, AEK euskaltegia, Urrats euskaltegia, Gure Egunsentia Jubilatuen Etxea, Gobernu Zibila plataforma, Arcco, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, haurtxokoa eta gaztelekua, Ernest Lluch Kultur Etxea eta Partaidetza saila.