Alex de la Iglesiaren 'Veneciafrenia' filmarekin abiatuko da Beldurrezko Astea
Urriaren 29tik azaroaren 5era izango da 32. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astea. Alex de la Iglesiaren Veneciafrenia filmarekin abiatuko da jaialdia. 25 film luze eta 27 labur izango dira sail ofizialean: hamaika sail internazionalean, animaziozko zortzi film labur eta zortzi espainiar.
Jon Insausti kultura zinegotziak azpimarratu du “benetan pozik” daudela aurtengo jaialdiarekin. Izan ere, iaz jaialdia ospatu bazen ere, pandemiaren kontrako neurriak zirela eta, Donostian bizi zirenak soilik etor zitezkeen, edukiera mugekin eta etxeratze aginduarekin. Aurtengoa beraz, “topera” ospatzeko prest agertu dira. Insaustik azpimarratu duenez, “komunitate fidela” sortu da zinema astearen inguruan, “publiko friki bezain maitagarriak” eragin duelako urtez urte jaialdia aurrera ateratzea: “Pandemiak erakutsi du kulturarentzat garrantzitsuena dela publikoa, eta altxor baten gisara zaindu behar dugu”. Komunitatearen garrantzia azpimarratzeko orduan Kresala Zine Kluba eta Bang Bang Zinema aipatu ditu ere.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Joxean Muñoz kultura sailburuordeak, ildo beretik azpimarratu du publikoaren garrantzia. Jaialdi honetan “zinemara joatearen jarrera serioa dinamitatu egiten du publikoak, eta festa batean bihurtzen da beldurrezko zinema astea”. Jaialdiaren ikuspegi zabala azpimarratu du ere, “film luzeak eta laburrak, A kalitatekoak eta Z kalitatekoak” denak nahasten direlako. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuburua den Patxi Presak jaialdiaren kalitatea nabarmendu du, eta generoari egiten dion ekarpena. Herrialdean zabaltzeko egingo diren ekimenak nabarmendu nahi izan ditu. Oiartzungo Udalean jaialdiko film labur txapeldunak emango direla, edo ‘Euskadi Fantastika’-n egingo den Asisko Urmeneta komikigilearen erakusketa egingo dela aipatu ditu.
Josemi Beltran, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren asteko zuzendariak, aurtengo programazioa aurkeztu du. “Denetarik” egongo dela azpimarratu du, bai oso beldurrezkoak diren pelikulak (The Sadness, esaterako) edo dibertigarriagoak izango direnak (Más allá de los dos minutos infinitos edo Yellow dragon’s village). Beltranek ere, publikoaren alde dibertigarria azpimarratu du. Besteak beste, aurten, mozorro lehiaketa itzuliko dela iragarri du. Urriaren 31ko gauean, Gau Beltza edo Halloween ospatzeko, zinemara mozorrotua joatea proposatzen dute. Publikoaren iritzi “serio eta kualifikatuak” –esan du ironiaz–, erabakiko ditu bi irabazleak.
Hona hemen sail ofizialeko film luzeen programazioa osorik. Film laburrena hemen eta animazio film laburrena hemen. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:30etik 20:00ak arte eskuratu ahalko dira abonuak 80 euroan, soilik online. Asteartean, urriaren 26an ordu berean eta soilik online ere, salgai jarriko dira sarrera solteak, eta urriaren 27tik aurrera erosi ahal izango dira Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenia Antzokian ere.