Belartza Goikoan logistika zentro handi bat jartzeko urratsa egin du udalak
Harri isurketa ilegala egin zen lursail berean baimendu dituzte eraikigarritasuna eta jarduera ekonomikoa dituzten erabilerak. Udal gobernuak erabakia «ezkutuan» hartu duela salatu du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak.
Urtebete luze igaro da Donostiako Udalak Belartza Goikoa eremuko harri betelan ilegala erretiratzeko prozesua abiatu zuenetik. EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainean ebatzi zuen lursailean egindako isurketa ilegala zela. Valeriano Urrutikoetxea enpresa eta udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta bestea isurketa hori egiteko baimena emateagatik. Enpresak uko egin zion harriak erretiratzeko aginduari, eta, ondorioz, udalak modu subsidiarioan hartu zuen ardura. Dena dela, hilabeteak pasa dira eta betelan ilegalak leku berean jarraitzen du.
Saibigain XXI promotoreak iaz abiatu zuen tramitazioa Belartza Goikoan hirigintza garapen bat aurrera eramateko. Orduan, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak ondorengoa ohartarazi zuen: «Gune mistoa eraiki nahi dute, industriara eta merkataritzara bideratutakoa. Udaletxean tramitatzen hasi dira dagoeneko, eta harri betelan ilegala barneratzen du». Apirilean, berriz, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak udal batzorde batean adierazi zuen udala eremuaren azterketa topografiko baten zain zegoela harri pilaketa kentzeko proiektua idazteko.
Ordutik ez da Belartza Goikoaren inguruko berririk izan, pasa den astera arte. Hilaren 13an udal gobernuak hasierako onarpena eman zion Belartza Goikoa AÑ.13.1 plan partzialari. Udaleko komunikazio taldeak erabaki hori ez zuen Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsa oharrean jaso. Hori dela eta, Haritzaldek oharra plazaratu zuen udalaren jokabidea salatzeko: «Diskrezio osoz eta ahopeka hartu dute erabakia».
Hedabide honek Hirigintza sailarekin hitz egin du aipaturiko plan partzialaren xehetasunak ezagutzeko. Aitortu dutenez, hirigintza plana harri betelan ilegala dagoen tokian garatuko dute. «Logistika jarduera berrietarako zentroen eskaintza egongo da han. 55.500 metro koadroko zabalera izango du. Beste 21.000 metro koadro erabilera industrialera bideratuko dira eta 3.500 metro koadro txikizkako merkataritzara. Bestalde, 4.000 metro koadro aurreikusi dira hotel bat eraikitzeko, eta 1.000 metro kpadro gasolindegi bat eta ostalaritza establezimendu bat jartzeko».
Amazon dute hizpide
Belartza Goikoa eremuan eraikiko duten logistika zentro handia Amazon enpresarena izan daitekeela uste dute Añorgako hainbat bizilagunek. Zurrumurrua nahiko hedatua dago auzoan. Udaleko iturriek, ordea, aukera hori «erabat» baztertu dute: «Udalak dakiela, Amazonen logistika zentroa Oiartzunen egongo da».
Merkataritza, ostalaritza, industria eta turismo jarduerak ez ezik, ingurumenarekin loturiko beste egitasmo bat jasotzen du plan partzialak. Hirigintza sailak bereziki ondorengoa nabarmendu nahi izan du: «Errekatxulo ibarrean dagoen zuhaizti heldu eta kalitatezkoa zainduko da. Horrek erabateko hobekuntza ekarriko du ingurumenaren ikuspegitik. Izan ere, ibarbidearen ibilgua eta berarekin loturiko flora eta fauna mantenduko da».
Haritzaldek denbora darama Belartza Goikoa eremua lehengoratzeko eta babesteko eskatzen. Aldiz, udal gobernua afera honetan «interes pribatua lehenesten» ari dela salatu dute: «Oraindik ez da ezer egin eta bilerak egiteko eskaerari entzungor egiteaz gain, atzetik enpresarekin negoziatzen ari da udala, ezkutuko lanketak hasierako onarpena lortu duen plan partzial berria ekarriz». Horrekin batera, Haritzaldek dio zituzten «susmoak baieztatu» dituztela. «Gure ustez udala jolasten ari da. Prozesua luzatzen isurketa ilegala legalizatzeko. Hau dena itxurakeria da. Urtarriletik hona ez dute ezer mugitu».
Lursailean dauden harriekin zer gertatuko den galdetzen du Haritzaldek: «Material horiek erabiltzen badituzte agerian geratuko da udalak denbora honetan landuriko trikimailua. Modu horretan legeztatuko lukete isurketa ilegala». Aldiz, Donostiako Udaleko iturriek ez dute galdera hori argitu: «Ez dakigu zer gertatuko den. Udalak jardunbide subsidiarioarekin jarraituko du, eta ondoren ikusiko da material horiek proiekturako erabiltzen diren».