"Etapa berri batean gaude, eta urratsak nahi ditugu"
Aste honetan bete dira 10 urte ETAk jardun armatua behin betiko amaitu zuenetik, eta egondako ekitaldi eta adierazpenek bide berriak irekiko dituen itxaropena erakutsi dute hainbat eragilek. Sare Donostiako Gurutz Sanzberrorekin (Donostia, 1964) hitz egin dugu. Manifestazioa antolatu dute larunbatean: 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik eta Pio XII.aren plazan amaituko da, ekitaldi berezi batekin.
Aste honetan egon diren adierazpenek zein bide irekitzen dutela uste duzu?
Auskalo. Presoei dagokionean Espainiako Espetxe Erakundeak eta fiskaltzak hartzen duten bidearen arabera. Saretik oso garrantzitsutzat ditugu urrats hauek. Hamarkadetan sufrimendua egon da alde guztietatik, baina etapa horrekin amaitzeko garaia da, eta beste bide berri batzuk jorratzekoa. Duela 10 urte hasi zen bide horretan, euskal gizarteak lan handia egin du elkarbizitzarako pausuan. Bakerako bide horretan, gizarteak ikusten du badagoela auzi garrantzitsu bat askatzeko oraindik, preso eta iheslariena, alegia.
Sare, hain zuzen, bake eta elkarbizitzarako gune izaten saiatu da, hori da gure apustua. Gizarteko hainbat sektoretako indar metaketa egiten saiatzen ari gara.
EPPK-k duela zortzi urte «gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortzen» zuela adierazi arren, ez zen aldaketa askorik etorri.
Sareren aldetik begi onez ikusi izan ditugu eman diren urratsak. Baina ikusten duguna da urratsak emateaz gain, salbuespeneko legedia jasaten ari direla euskal presoak. Larriki gaixorik dauden presoak, kartzelan dauden emakumeak emakume izateagatik dituzten zigor erantsiak, seme-alabak edukitzea erabakitzen duen presoaren baldintzak, zigorraldian emandako zigorren batuketak… Badaude oraindik gai asko lantzeko eta askatzeko daudenak.
Uste duzu oraingo egoera honetan zerbait aldatuko dela?
Aldatu beharko litzateke zerbait, bai. Gizartearen zati handi batek badu sentipen bat, eta da presoen auzia konpondu beharra dagoela. Hainbat sentsibilitatetako herritar askok uste dugu hori. Gatazka honetan sufrimendu asko egon da, baina presoena eta senideena bada horietako bat, eta hamarkadetakoa da ere.
Espainiako Gobernuak Euskal Herrira hurbildu ditu preso asko.
Egia da orain ez daudela Andaluzian edo urrunen zeuden tokietan, baina dispertsioa ez da bukatu oraindik. Oraindik kilometroak egin behar dira. Euskal Herrian 64 inguru daude, euskal preso guztien %32a soilik. Orduan, urruntzea ez da bukatu, eta sakabanaketa ere ez. Guk uste duguna da denek Euskal Herrian behar dutela egon, eta denei onartu behar zaiela progresio gradua. Etapa berri batean gaude, eta urratsak nahi ditugu.
Egoera ez da hobetu, beraz?
Egoera aldatu da, eta hobekuntza batzuk eman dira, baina ez da nahikoa izan. Adibidez, gehienak lehenengo gradutik bigarrenera pasa dira, baina oso gutxi dira hirugarrenera pasa direnak: %5a bakarrik. Preso arruntetan %80a baino gehiago direnean, pentsa! Baldintzak antzekoak izaten jarraitzen dute, are, batzuetan okerrera egin dute, tailer gutxiagorekin eta abar.
Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa lortu du aurten, Estatutuan duela 40 urte onartua zegoen arren. Zer aldaketa ekarriko ditu honek?
Administrazioak esandakoaren arabera, legedi arrunta aplikatuko du. Horrela balitz, baimenak, progresioak, salbuespeneko arau guztiak aldatu beharko lirateke. Baina noski, salbuespeneko beste egitura horiek guztiek hor jarraitzen dute. Orain arte ere, kartzeletako tratamendu batzarrak erabakitzen duenean presoren bati baimenak ematea, edo berez dagokion eskubideren bat ematea, sistematikoki helegiteak aurkezten dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek eta fiskalek.
Donostiako presoen egoeran aldaketarik eman al da?
Azken hilabeteotan gerturatze asko egon dira. Hamalau donostiar daude preso: lau Martutenen, hiru Zaballan (Araba) eta bat Iruñean. Gainontzeko seiak Logroñon, Leonen eta Darocan .
Larunbateko manifestazio hau zergatik da garrantzitsua?
Indarrak bikoiztu egin behar dira etxerako bidean. Bulegoetan, eragile guztien artean, egiten diren lanez gain, kalean aldarrikapen eskaera honek presentzia izan behar duela uste dut. Bi erronka nagusi ditugu, eta lehenbailehen bete daitezen lana egin behar dugu: preso guztiak Euskal Herriratzea eta gradu progresioa aitortzea. Horretarako, eremu guztietan, indar metaketarekin jarraitu behar dugu.
Jendetsua izango al da?
Nik espero dut baietz. Urteak daramatzagu desberdinen arteko bide hau elkarrekin egiten. Gizarteak merezi du, eta nahi du, urteetan egondako gatazka eta sufrimendua gainditzea, eta elkarbizitzan sakontzea.