Haurren eta gazteen buru osasuna, gainditu gabeko ikasgaia
Urriaren 25ean, 'Haurren eta gazteen buru osasuna. Gainditu gabeko ikasgaia' izenburudun jardunaldia eskainiko du Agifesek. Gizarte eta osasun arloetako profesionalek parte hartuko dute.
Agifes elkartearen ekitaldi bat, Tabakaleran.Agifes Agifes buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea da. Aurten, haurren eta gazteen osasun mentala jarri du erdigunean, eta gazteenei arreta hobea eskaintzea funtsezkoa dela nabarmendu zuen urriaren 10ean izan zen Buru Osasunaren egunean egindako agerraldian.
Ildo beretik, aurtengo jardunaldia haurren, nerabeen eta gazteen buru osasuna lantzera bideratu dute. Gizarte eta osasun arloetako profesionalen parte hartzearekin eta lehen pertsonan eskainitako testigantzekin egingo da.
Aida Diaz Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko psikiatrak gazteei bizitzako emozioak eta zailtasunak ezagutzen eta kudeatzen laguntzeko beharra nabarmenduko du. Nekane Azuabarrena psikologoak Agifesen Zeuk Aukeratu esku hartze programa berria aurkeztuko du. Azkenik, Diana Subijana eta Erika Rio ama-alabek beren esperientzia pertsonala partekatuko dituzte.
Zeuk Aukeratu programak bi jarduera-ildo nagusi ditu. Batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa hezkuntza komunitatean, eta, bestetik, gazteei laguntzea. Lehenengo jarduera ildoa ikastetxeetan buru osasun arazoen aurrean prebenitzeko eta sentsibilizatzeko saioak egitea da. Bigarrena, berriz, osasun mentaleko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzearekin lotuta dago.
Jardunaldia Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan egingo dute Haurren eta gazteen buru osasuna. Gainditu gabeko ikasgaia izenburupean, astelehenean 18:00etan. Saioak 50 lagunentzako edukiera murriztua izango du eta Agifesen Youtubeko kanalaren bidez ere zuzenean ikusteko aukera egongo da.

