Kaioak ala antxetak?

Garai batean zientzia dibulgaziorako aldizkarietan harpidetuta egon nintzen. Buruan informazio gehiago gordetzeko gai nintzen garaian. Orain, nire jakinduria han hemenka entzundakoekin asetzearekin konforme. Uda honetan, urrunago joan gabe, hondartzako elkarrizketa bat entzunda, jakin nuen, kaioak eta antxetak ez direla animalia bera: kaioak marroixkak dira, moko beltzarekin; antxetak, txuriak moko horiarekin. Edo, alderantziz zen? Kaka, orain ezin kontsulta egin!
Kalatxorien antzera, kalapita sortzen dabil Alderdi Popularra, kaioen edo antxeten, ez dakit umatze garaian, populazio handiegia delakoan, eta herritarrak molestatzera iritsi direlakoan. Bitxiak dira analogiak, alderdiak bere irudi korporatiboan duelako hegaztia. Memorian beste salto bat, eta eskolako patiora hegan egin dut. Nork ez ditu pasa arratsaldeak gaviota hitza nork esango zain, hitz joko sinple baina efektiboa egiteko? Alderdiaren logotik honaino iristea, hori bai nire buruaren analogia bitxia…