Txuri Urdinek lidergoari eusteko kilometro asko egin beharko ditu
Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da emakumezkoen Txuri Urdin izotz hockey taldea. Lautik lau partida irabazita sailkapenaren buruan daude. Lidergoari eusteko, ordea, bidaia luzea egin beharko dute asteburuan. Granadan jokatuko dute bihar Valkyrias taldearen kontra. Hau da, sailkapeneko lehenak eta azkenak neurtuko dituzte indarrak. Puigcerdaren etxean irabazi ostean, bolada onari jarraipena eman nahi diote. Gizonezkoen taldeari dagokionez, Jaca hartuko dute Amara Berriko izotz jauregian. Liga ez dute espero bezain ongi hasi, eta sailkapenean gora egiteko norgehiagoka erabakigarria izango da.
Eskubaloian, Bera Berak Europa Ligako Q2 kanporaketaren itzulerako neurketa jokatuko du etzi, Frantziako Issy les Moulineux herrian (16:00). Joanekoan berdindu ostean (27-27), bai ala bai irabazi beharko dute Paris 92 taldearen pistan Europako lehiari eusteko. Ez da erraza izango, baina ez da ezinezkoa.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek etxeko lanak betetzen jarraitu nahi du. Garaipen bakarra Estudiantesen kontra lortu dute sasoi honetan, eta etxekoak irabaztea garrantzitsua izango da Donostiako taldearentzat zuloan sartu nahi ez badu. Bihar jokatuko dute Ferrolen aurka.
Futbolean, Realak erronka zaila du aurrez aurre. Europa Ligan Sturm Graz menderatu (0-1) eta lehen garaipena eskuratu ondoren, ligako partida izango dute txuri-urdinek. Madrilgo Wanda Metropolitano futbol zelaian ariko dira igandea Atletiko Madril indartsuaren aurka. Reala sailkapeneko lehen postuan dago, eta horri eusteko nahitaez irabazi beharko dute.
Belar hockeyari dagokionez, Realak azken porrotak ahazteko aukera baliatu nahi du Poloren aurka. Bihar jokatuko dute Aieteko zelaian.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 6. jardunaldia
- Txuri Urdin – Jaca (larunbata, 21:00).
Emakumezkoan lehenengo maila, 5. jardunaldia
- Valkyrias – Txuri Urdin (larunbata, 22:00).
Saskibaloia
Emakumezkoen lehenengo maila, 6. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ferrol (larunbata, 18:00).
Eskubaloia
Europa Ligako Q2 kanporaketa (itzulerakoa)
- Paris 92 – Bera Bera (igandea, 16:00).
Futbola
Gizonezkoen lehenengo maila, 10. jardunaldia
- Atletiko Madril – Reala (igandea, 21:00).
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 7. jardunaldia
- Reala – Polo (larunbata, 12:30).