Antxiñe Mendizabalen 'Odolekoak' liburua izango dute hizpide Intxaurrondon
Literatur solasaldi bat, Aieten. (Argazkia: Lantxabe Auzo Elkartea) Azken urteotan egin duten moduan, Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkarteak literatur solasaldiak antolatu ditu 2021-2022 ikasturtean ere auzoan. Horrela, azaroaren 11n egingo dute lehenengoa, eta Antxiñe Mendizabal Aranbururen Odolekoak liburua izango dute ardatz. Intxaurrondo Kultur Etxean izango da, 19:00etan, eta Iratxe Retolazak gidatuko du solasaldia. Solasaldira joan nahi izanez gero, liburua irakurtzen hastera animatu dituzte herritarrak.
Ondoren, beste hiru solasaldi egingo dituzte, Retolazak berak gidatuta eta leku eta ordu berean: urtarrilaren 27an Felipe Juaristiren Piztutako etxea izango dute hizpide, martxoaren 10ean Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora eta maiatzaren 26an Garazi Arrula Ruizen Gu orduko hauek.

