Elkarrekin Donostiak baliabide gehiago nahi ditu kalean bizi direnentzat
Elkarrekin Donostiak mozio bat aurkeztuko du aste honetako ohiko Udalbatzan, Udal Gobernuari “kale egoeran dauden pertsonentzako baliabideak gehitzeko” eskatzeko.
Urri hasieran, hemezortzi urteko gazte baten bizitza arriskuan egon zen, zaborrontzi batean lo zegoela zabor bilketako kamioira bota zutenean. Koalizioaren ustez ,“harrera, asilo eta zaintza politikarik ez dagoenez, arriskuan jartzen dira bizitza hobeago baten bila dabiltzanak”.
Marta Huarte zinegotziuaren ustez “etxerik gabeko pertsonen kopurua handitzen ari da, eta udal gobernuak erantzukizuna hartu behar du, eta baliabide gehiago emateko estrategiak egituratzeko modua aurkitu behar du, bizilagunen elkartasunaz eta hirugarren sektoreko elkarteen lanaz harago”.
Elkarrekin Donostiak tokiko gobernuari eskatuko dio baliabide gehiago jar ditzala, hainbat gizarte-zerbitzu antola ditzala, arreta jaso ondoren pertsonak beren kaleko egoerara itzul ez daitezen, eta Housing First programa zabal eta gara dezala.