Tupust! kolektiboaren bigarren liburua kalean da
Tupust! Kolektiboak bigarren komiki liburua kaleratu du gaur. Oraingo honetan, autoediziora jo dute “egiteko modu bakarra zelako”. “Zu” izenburupean, emakume ilustratzaileen hamazazpi istorio biltzen dituzte, emakume euskaldunen lanak ikustaraztea dute eta helburu. Koldo Mitxelenan egin dute aurkezpena Ainara Azpiazuk, Paula Estevezek eta Maite Gurrutxagak.
Estevezek azaldu duenez autoediziora jo behar izan dute “nahi genuen bezala egiteko, eta nahi genituen egileak elkartzeko” nahiz eta hori ez zen euren hasierako intentzioa. Bi tintatan inprimatu dute, laranja eta urdina; aurrekoan gorria eta berdea izan ziren. Teknika horri esker, “serigrafiak daukan kutsu tradizionala” eman diote lanari, beste goxotasun bat eskainiz. Lehen liburuaren gaia “ni”-a zen, oraingoan “zu” izan da. Nahiko konkretua eta mugatzailea dirudien gaia, oso irekia dela ere uste du Estevezek eta lan oso ezberdinak atera dira hortik: kritika soziala, amatasuna, sexualitatea edo norberaren baitan dagoen “zu”-a.
Komikiaren inguruan lanean zebiltzan emakume euskaldunak batu ziren 2016an, eta hortik sortu zen Tupust! kolektiboa. Kolektiboaren sortzaileen artean daude Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Maite Caballero eta Paula Estevez donostiarrak eta horiekin batera Amets Gurbiola, Irati Eguren, Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpizu “Axpi”. Bigarren liburu honetarako hainbat gonbidatu berezi izan dituzte: Raisa Alava, Josune Urrutia, Dom Campistron, Asteazkena Komandoko Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren, Mikel Arraioz, Yolanda Mosquera, Irkus M. Zeberio, Ane Zaldibar, Irati Jimenez, Irati F.G., Regina Salcedo, Aintzane Usandizaga eta Susana Martin.
Liburua eskuratu daiteke ohiko liburu dendetan eta euren online dendan. Bertan erosita, proiektua “gehiago bultzatuko dugula” aitortu dute.